We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Coronavirus
“Egungo egoera asko luzatzen bada, DYA ezin izango da ekonomikoki mantendu”
Nafarroako boluntarioek osasun-erakundearen biziraupena kolokan ikusten dute ekitaldi jendetsuak denbora luzez bertan behera geldituz gero.
Covid-19aren pandemiak DYA ironia latz baten biktima bihur dezake: osasun-neurriek osasun-erakunde hau desagerraraztea. Izan ere, makroekitaldien segurtasunaz arduratzeko kontratazioen bitartez lortzen du erakundeak mantentzeko behar duen aurrekontuaren gehiengoa. “Jarduera jendetsuak denbora luzez bertan behera uzten badira, DYA ezin izango da ekonomikoki mantendu”, deitoratzen dute Iruñeko boluntario José Luis Blanco, Helena Zoco eta Iñaki Manzanok.
DYA Nafarroak 600 bazkide ditu guztira, eta, hiriburuko egoitzaz gain, beste sei gehiago daude Los Arcos, Gares, Altsasu, Azkoien eta Erriberrin. “Sanferminak, Iruña Rock musika jaialdia, Extreme Bardenas lasterketa edota Nafarroa Arenako kontzertuen etenaldiarekin, nondik aterako dugu dirua gastuak orekatzeko?”, galdetzen du Helenak. Egungo egoeran, dirulaguntzak eta donazioak baino ez dituzte eskuragai, eta horiekin ez da “epe luzerako mantentze-lanak eta administrarien soldatak ordaintzeko iristen”. Aipatu beharra dago ere DYAk noizean behin dirua kobratzen duela enpresei lehen sorospenetako edo desfibriladoreen erabileraren inguruko ikastaroak eskaintzeagatik, baina lan horiek ere bertan behera geratu dira.
“Milioi bat euroko aurrekontuarekin, urtebetean anbulantzia bakarra erabilgarri edukitzeko iristen zaigu, 600.000 eta 800.000 euro artean kostatzen baitu”
2008ko krisiaren aurretik Nafarroako Gobernuak urtero bi anbulantzia erosten zizkiela ziurtatzen du José Luisek. Orain, batezbesteko milioi bat euroko aurrekontuekin, ”urtebetez eta etenik gabe gehienez anbulantzia bakarra erabilgarri edukitzeko iristen zaigu, 600.000 eta 800.000 euro bitarteko galerak eragiten baititu”, zehazten du Iñakik. “Normalean bigarren eskuko gauzak bilatzen ditugu gure azpiegitura gutxinaka berritu ahal izateko”, dio.
Modu honetan, egungo osasun-zerbitzuen eskaeretara egokitzen doaz, baina “betekizunak geroz eta xeheagoak dira”, adierazten du Helenak, “eta are gehiago hemendik aurrera”. “Gainera”, gehitzen du José Luisek, “gaur egun anbulantzia bat eramatea ahalbidetzen duen Osasun Larrialdietarako Teknikari Titulua lortzeko Lanbide Heziketa ikasi beharra dago; hortaz, formakuntza hori dutenek lanposturen batera jotzen dute gero, eta ez boluntarioek kudeatutako erakunde honetara”.
DESINFEKZIO ETA BANAKETA LANAK
112 telefono zenbakian deiak jasoz izaten du SOS Nafarroak larrialdien berri. Beharraren edo hurbiltasunaren arabera, aipatutako erakundeak mugiarazten ditu. “Koronabirusaren krisialdia hasi zenetik larrialdi gutxiago dago, baina gaixo zeuden eta alta hartzen duten pertsonak etxera bidaltzeko lana egin dezakegu sare publikoak gainezka egiten badu”, azaltzen dute DYAko boluntarioek. Bestalde, etxetik atera ezin diren pertsonentzako erosketak egin, osasun- zein eskola-materialak dagozkien tokietan banatu eta anbulantziak desinfektatzen dituzte Nafarroako Ospitalean. “Hori guztia ohiko gastuei gehitu behar zaio; beraz, ez badugu diru-sarrerarik, pertsiana jaitsi beharko dugu”, ondorioztatzen dute.