Opinión
Carmenen etxegabetzea: borrak ama bati, hoteleko logela bat utzikeriari
Astebete igaro da gure kide Carmenek hainbat urtez Abusuko auzoko bere etxea izan den hori utzi behar izan zuenetik. Bere sindikatuko kideen babesaz atera zen, bere senar ohiari etxearen usufruktua eman zion etxegabetze agindu judiziala gauzatu eta gero.
Ostiral horretan, ehun lagunetik gora erabaki genuen Santa Isabel kaleko 35. zenbakian gure gorputzak jarriz etxegabetzea gelditzen saiatuko ginela. Etxearen barruan geratu ginenok zein aurreko egunetik manu militari auzoa hartu zuen neurrigabeko dispositibo polizialaren beste aldean kokatu ginen askok, urte luzez ezagutzen genuen bai Carmen eta baita bere alaba ere. Asanbladak, kartel pegadak, deiak eta borroka konpartitu bat osatzen duten beste hainbat gauza bizi izan ditugu beraiek biekin batera urte hauetan zehar.
Hala ere, ehundaka lagun horien artean, Carmen horren gertutik ezagutzen ez zuten eta berarekin urte luzetako militantzia hori konpartitu ez zuten beste hainbeste zeuden. Dena dela, hauetako bakoitzak behar baino gutxiago lo eginda eta biolentzia poliziala pairatzeko arriskupean, instituzioek egin ez zuten zerbait egitea ebatzi zuten: Carmenen alde jartzea.
Ostirala Abusun
Furgonek, aurpegi estalidun agenteek eta kordoi polizial erraldoi batek Arrigorriagako auzo honen ohiko paisaia hautsi zuten ostiralez Santa Isabel kaleko 35. zenbakian. Hauen aurrean, 8:30etatik ehundaka auzokide zein BATU Etxebizitza Sindikatuko kide. Komitiba judizialaren 10:30etako iritsierarekin, hedabide nagusietan ikusi ahal izan dugun karga poliziala iritsi zen ere. Hori ez zen bakarra izango ordea, beste bi gehiago egongo baitziren. Hor egon ginenok eskilara baten goialdetik zelan kolpatzen gintuzten ikusi genuen. Borra-kolpeak buruan, ukabilkadak aurpegian, tiraldiak ileetatik eta betaurreko apurtu batzuk izan ziren kaleratzea gelditu asmoz bertaratu ginenon kontra «ordena publikoaren indarrek» emandako erantzuna. Astebete beranduago, erantzun horren erradiografia egiteko balantzea egin genezake: zortzi lesio parte Osakidetzan eta balizko ondorioen beldur, beraien kalteak erregistratu ez dituzten beste hainbat kolpatutako pertsona.
Zehazki zer babesten ari zen galdegitea dagokigu ezarri zen tamainako operatiboa ikusi eta gero. Zein arrisku mota suposatzen zuen «Carmen, ez zaude bakarrik» oihukatzen zuen armagabe talde batek? Polizia instituzioak bere ekintzetan darabilen gardentasun ezaz jakitun, kasu honetan, neurrigabekeria hau dispositiboa montatu zutenen xehetasun tekniko soil bat izan ez zela deritzogu. Auzo osoari helarazi zitzaion mezu bat izan zen: etxebizitza bat defendatzeak kostu bat du eta kostu hori, aurre egitea erabaki dutenen aurka ezarriko du poliziak.
Urtebeteko prozesua, hilabeteko estualdia eta erantzuteari utzi zion telefono bat
Begira dezagun atzera. Carmenena ez zen ostiralez ebatzi. Horren atzetik urtebete baino gehiago iraun duen prozesua egon da eta horren aurrean, sindikatuak eskura izan dituen leihatila guztiak jo ditu. EH Bilduk gidatutako udalbatzaren erantzun instituzionala isiltasun eta hoztasun administratiboz kudeatu da hamaika hilabetez, egoera honi irteera erreal bat aurkeztu ez zaion bitartean. Soilik azken hilabetean, etxegabetze agindurako data ezarri zenean, agertu zen «konponbideak aurkitzeko» tupusteko borondatea.
Azken aste honetan zehar, hainbat gerturatu zaizkigu udaletxe guztiak «berdinak ez direla» gogoraraziz eta Hego Uribeko herri mugimenduan sei urtez garatu den ibilbide sindikal bat desitxuratu asmoz. Etxebizitza mugimendutik behin eta berriro zera defendatu dugu «gobernatzen duenak edozein dela ere, gure etxebizitzak defendatuko ditugu». Bide honetatik beraz, BATU Etxebizitza Sindikatutik argi dugu: erantzun instituzionala beranduegi dator eta ez da nahikoa izan, datorren ikur politikotik datorrela ere.
Behin eta berriro eskatu ditugu zaurgarritasun txostenak prozesuaren hasieratik. Ez dira ordea edozein tramite. Egungo Etxebizitza Legea exkaxaren baitan, balioztatutako zaurgarritasun deklarazio batek eta zer esanik ez adinez txikiko ume bat tartean egonik, epaitegiak etxegabetze agindua ezeztatu edota atzeratzeko gaitasun administratiboa dakar. Txosten hauen garapena ezeztatzea ez da beraz administratiboki posizio neutral bat: etxegabetzea bertan behera geldi zedin baimen zezakeen atea kolpez ixtea suposatzen du.
Ama bat eta bere alaba logela batetik bestera mugiaraztea ez da akats tekniko bat: biolentzia instituzionala da
Argi adierazi nahi dugu. Udalbatzak etxegabetzearen aurreko egunean gure arteko komunikazioa eten zuen. Etxegabetzea gauzatzen bazen ere, aurreko asteetan zehar Udaleko gobernuarekin mantendutako elkarrizketek, mahaigainean alternatiba bat izango genuela sinestarazi ziguten. Tamalez, Udaletxeko inork ez zuen ostiraleko etxegabetzearen jarraipenik egin. Ez deirik ezta mezurik ere. Jarraian, bi ordu baino gehiagoko erantzunik gabeko deiak etorri ziren.
Azkenik herriko gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzea lortu genuenean, hauten Carmeni sindikatuko kideen laguntza ukatu zitzaion, berak horrela izateko asmoa adierazi bazuen ere. Ez al du honek enpresako langile bati bere ordezkari sindikalaren ordezkaritza ukatzeko egiten diren lan-munduko praktika horien antza? Antolakuntza kolektiboa baztertu asmoz, norbanako elkarrizketa behartzen duen estrategia klasiko bat besterik ez da hau.
Kaleratzearen aurrean eskaini zen «etxebizitza alternatiba» ez zen etxebizitza bat izan, hotel batetik besterako trasiego bat baizik: lehenik Lemoako hotel bateko logela bat, eta ondoren beste hotel batzuetara bidali dituzte, sarrera eta irteera data zehatzik gabe eta Carmenen eta bere alabaren Arrigorriaga eta Bilbo arteko ohiko bizitzatik urrun. Maleta eskuan, ama bat eta bere alaba logela batetik bestera mugiaraztea ez da akats tekniko bat: biolentzia instituzionala da, etxea galdu berri dutenei egonkortasun minimoa ere ukatzen diena. Horren atzean, larrialdietako etxebizitzen eta alokairu sozialeko parke publikoaren gabezia dago, Eusko Jaurlaritzak zein udalek konpondu ez dutena.
Etxebizitzak emakume prekarioaren aurpegia du
Azaldu dugun guztiaz gain, ahaztu ezin dugun beste aldagai bat dago: Carmen bere etxetik kaleratu duena bere senar ohia da. Etxea bien artean erosi bazuten ere, gizona zen kontratuan ageri zen bakarra. Gure kide Joaquiren egoerarekin antzekotasun handiak dituen gertaera da hau. Azaroaren 25ean bertan, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egunean, bere senar ohiak kaleratu zuen Abusuko beste auzokide bat.
Tradizio feminista marxista, autonomo eta beltzek erakutsi diguten gisan, emakumeen aurkako biolentzia ez da soilik kolpe bidez edota honen azaleneko adierazpenekin gauzatzen den hori, gaurko egunez gehien ikus ditzakegunak badira ere. Dominazio patriarkala indarkeria ekonomikoz eman daiteke ere eta darabilgun gatazkak argi erakutsi digu hau. Etxegabetzearen bultzatzailea ez da ezta Euskal Herrian bizi, Katalunian baizik, bizirauteko etxe horren beharra duela adierazi badu ere.
Berriz ere betiko kontu berdina: jabetza gizon baten esku; kalea berriz emakumearentzat eta noski, bere alabarentzat. Berriz ere jabetza pribatua biolentzia patriarkalaren sostengu, justiziak eta Estatuak bere etxetik emakume bat kaleratzeko baliatzen duena.
Hasiera-hasieratik da kezkagarria jabetza soilik senarraren izenean egon izana honen erosketan biek parte-hartu bazuten ere. Baina jabetza desoreka horrek orain etxegabetze bat suposatu izanak are kezkagarriagoa bihurtzen du afera: indarkeria ekonomikoaren bitartez gauzatu den mendeku patriarkala hain zuzen. Botere maskulinoa berreskuratu nahian ari den biolentzia misoginoaren adierazpen baten aurrean gaude oraingoan, dibortzio eta hainbat urteetara ere luzatu daitekeena, familiaren baitan gauzatzen duten gizonen kontrolari aurre egitea erabaki duten emakumeen kaltera.
Baina goazen haratago. EAEn gauzatzen diren etxegabetzeen gehiengoa alokairua ez ordaintzeagatik izaten dira: ez gara beraz zordun handiz ari, soldataz alokairua ase ezin dezakeen jendeaz baizik. Jende horri erreparatzen diogunean ordean, profila argia da.
EAEko hamar familia gurasobakarretik zortzi dira emakumez osatuak, Eusko Jaurlaritzak berak gurasobakartasunari buruzko bere dekretu-proiektuan aitortzen duen bezala, 101.000 etxe baino gehiago direlarik gurean, guztizkoaren % 10,8 hain zuzen. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erabiltzaileen artean, emakumeak dira gehiago: 2023an 37.058 emakumezkoak ziren, 28.188 gizonezkoen aurrean. Lan egin eta, hala ere, beraien soldata nahikoa ez eta bizitzeko DSBEa behar dutenen artean, %60 emakumeak dira eta hauen % 87k zerbitzuen sektorean egiten du lan. Estatu mailan gainera, gutxieneko errentak jasotzen dituzten etxe gurasobakarren % 90a emakumez daude osatuta.
Lan-merkaturako sarbide honek ez du hausturarik ekarri ekonomia domestikoan historikoki izan duten posizio subordinatuarekin.
Ez da kasualitatea. EAEko emakumeek zaintzen eta etxeko lanen % 67 hartzen dute beraien gain, lan-indarraren produkzioaren eta erreprodukzioaren oinarrizko subjektu bihurtuz horrela. Alaba-seme batekin bakarrik dagoen emakume batek lan erreproduktibo guztia hartzen beharra du beregain —zaintzea, laguntzea, sostengatzea— bitartean lan-merkatuak lan miserableak eskaintzen dizkio soilik: partzialak, aldi baterakoak, gaizki ordainduak eta amatasunaren ordutegi eta beharrizanekin bateraezinak direnak.
Oraindik ez diogu nahikoa arreta jarri, termino analitikoetan behintzat, azken hamarkadetan emakumeak lan-merkatuan modu masiborako sarbide-prozesuaren baldintzei; gure klaseko gizonen eta emakumeen arteko benetako parekatzerik ekarri izanarengandik oso urrun dagoena. Lan-merkaturako sarbide honek ez du hausturarik ekarri ekonomia domestikoan historikoki izan duten posizio subordinatuarekin. Aitzitik, emakumeek ama izatearen eta familia-erreprodukzioaren arduradun nagusi izateko rola bere gain hartzen jarraitzearen baldintzapean gertatu da, haien diru-sarrerak gizonaren kontrolpean geratu direlarik, oraindik ere bera baita etxeko sostengatzaile ekonomiko nagusitzat hartzen dena. Emakume horiek zoriontsu egiten ez dituen matrimonioarekin bukatzea erabakitzen dutenean, menderakuntza horrek zigor bikoitza dakarkie: lan erreproduktibo guztia beren kabuz sostengatu behar dute, eta autonomia ekonomikoa bermatzeko nahikoa baldintza material eskaintzen ez dienen lan-merkatuan igeri egin beharra dute.
Kaleratzeak lan erreproduktiboa, lan prekarioa eta besteren jabetza lotzen diren nahasian pilatzen dira
Emaitza ondorengoa da: zerbitzu pribatuen kontratazioa beharra eta hauekiko menpekotasun estrukturala. Zerbitzu hauek kontratatzera behartuta ikusten dira emakume horiek, hamarkadaetako murrizketen ondorioz ahuldutako zaintza eta etxeko laguntza zerbitzu publikoak nahikoak ez direlako. Haurren zaintza edo etxearen garbiketa bezalako zerbitzuez ari gara, kurioski, emakumeen presentzia oso handia den sektore horietaz hain zuzen. Horri DSBE eta SMI bezalako diru-laguntzen menpekotasuna gehitu beharko genioke; prestazio horiek, autonomia materiala bermatu beharrean, estigmatizaziorako faktore bilakatzen dira azkenean. Etxebizitza baten jabearentzat, laguntza hauek jasotzen dituen emakume bat alokairupean izatea «arriskutsua» da; administrazioarentzat, ireki beharreko «espediente berri bat» da; merkatuarentzat, kaleratua izan daitekeen biztanleria, ertzetan mugitzera kondenatua.
Horregatik diogu etxebizitza arazoak emakume prekarioaren aurpegia duela. Kaleratzeak ordaindu gabeko lan erreproduktiboak, lan prekarioak eta beste batzuen esku dagoen jabetza lotzen diren nahaste horretan pilatzen direlako.
Eskubideak ez, eta higiezinak kudeatzen dituzten Udalak
Argi hitz egin dezagun: herri honen ekonomia-politika goitik behera errentismoak zeharkatua dagoela diogunean, putre-funtsen eta etxebizitzarekin espekulatzen duten horiengandik haratago begiratu beharra dugu. Udalak ere seinalatzea ezinbestekoa da. Geldialdi ekonomiko orokorraren baitan, hauek enpresa agentzien lanak bete dituzte eraikuntza-enpresen mesedetara jarritako lurzoru publikoaren salmentaren bitartez, errenten xurgapenerako mekanismoak abiaraziz. Honi dagokionez eta Basaurin bereziki argi ikusi ahal izan dugun bezala, udalek higiezinen gestore lanak hartzeko ohitura garatu dute, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) lurzoruaren errentagarritasunera bideratuz eta ez ordea etxebizitza eskubidea bermatzeko gosez.
Hitzontzikeria politikoan etxebizitza eskubidea bermatuko duen planifikazio urbanistiko baten beharra behin eta berriro agertzen bada ere, ahalegin gutxi egin dira hau negozioaren logikatik urruntzeko. Bere garaian politikoki gurutziltzatua izan zen Jose Luis Abalosoek esan legez «etxebizitza eskubidea da, baina baita merkatuaren ondasuna ere».
Instituzioek pobreziaren eta prekarietatearen kudeaketa hirugarren sektorearen eta hotel-kateen gain deskargatzen dute.
Egiari zor, administrazioek darabilten lurraldearen eskuhartzeek, kudeatzen dituzten lur zati hauen «balio handitze» bati bideratuta daude oro har, azpiegitura zein zerbitzu bidez hauei abantailak txertatuz eta higiezinen merkatuan duten balioa handituz. Hitz gutxitan esanda: norbaitek baldintza lotsagarrietan 200.000 eurotik gora bigarren etxebizitza saltzen jarrai ahal izateko bermeak ezarriz. Hori da inork garbitu nahi ez duen trapu zikina: familia-ekonomien antolakuntzan zentralitatea hartu duten etxebizitza-merkatuaren baitako errentak, instituzioez gaindiko afera bat ez izateaz gain, gobernu maila desberdinetan erabat babestuak daude sare administratibo oso batengatik. Jabetzari abantaila fiskalak aitortzen dizkion sarea, etxe hutsak ez dituenak nahikoa zigortzen eta baliabide publikoen erabilera egiten duena -Gaztelagun, Emantzipa edo DSBEaren alokairurako osagarrien bitartez- jabeen mesederako. Eta dirudienagatik, alderdi guztiak daude prest partida hori jokatzeko.
Itxura batean ordezkatzen gaituen agintaldi ezkertiar honetan, merkatuan oinarritzen ez den etxebizitzaren antolakuntza litzateke galdegin beharreko gutxienekoa, dena dela kontrako inertzia da aurkitzen duguna justuki. Egoerarik larrienen aurrean, biolentzia instituzionalez beteriko zirkuitu oso bat abiarazten da, zeinetan zenbait zerbitzu sozial eta hirugarren sektoreko entitatek parte hartzen duten, zerrendak, aterpetxetan plazak eta hoteletako egonaldiak kudeatzeaz arduratzen direnak, ez ordea eta kezkagarriena, etxebizitza sozialaren kudeaketa. Larrialdietako etxebizitzak eta alokairu sozialeko parke publiko bat sortu beharrean, instituzioek pobreziaren eta prekarietatearen kudeaketa hirugarren sektorearen eta hotel-kateen gain deskargatzen dute, eta eskubide bat izan beharko lukeena logela-gau eta faktura bihurtzen da. Argi adierazi beharra dago: erremintak dituzte eta ez dituzte erabiltzen. Behin-behineko etxe hutsen desjabetzea, erabilerarik gabeko etxeen gainkargak… Ez gabiltza utopia iraultzaile sozialista batez: beraien marko legal propioen barruan jasota datozen tresnak dira. Tamalez, hauen erabilera baliatzeari uko egiten diote, izan ere, business is business.
Larriena hurrengokoa da, ez gabiltzala gutxienekora ere heltzen: etxebizitzaren arazoa konpontzetik urrun, gizarte emergentzia oinarrizkoenari erantzuteaz ari gara. Emakume bat eta bere alaba kalean geratu behar izatea esaterako. Ama bat eta bere alaba hotel batetik bestera bidaltzea konponbidetzat aurkeztea, utzikeriaren kudeaketa da. Bien bitartean, EAEn 43.000 etxebizitza huts baina gehiago daude, Eusko Jaurlaritzak berak egin zuen inkesta baten dioenez.
Ez zaude bakarrik
Carmenen etxegabetzeak aipatu dugun guztia laburtzen du goiz bakar batean: elkarbanatua izan beharko lukeena legea baliatuz beregain hartzen duen jabea, etxegabetzea ekiditen lagun zezakeen txostenak ukatu dituen administrazioa, beharrezkoena den unean desagertzen den udala eta aurpegia ematera ausartu direnen aurka kolpeka ari den polizia.
Borondate oneko adierazpenek ez digute balio, miseria administratzeari utzi eta eskubideak bermatzea dagokizue.
Goiz horrek beste irudi garrantzitsu bat mahaigaineratu zuen ere. Ehun lagundik gora hurbildu zen goiz horretan Santa Isabelera auzokide bat defendatzera. Aspalditik berarekin borrokan ibilitakoak zein ez, Abusun gertatzen ari zena ere beraien ardura zela ere ulertu zutenak. Beraien etxea galtzen dutenen aurka ezarri nahi zaien bakardadearen gainetik, komunitate oso bat agertu zen prest bere gorputza jarriz Carmen eta bere alabaren etxegabetzea ekiditeko.
Hori dela eta, gure eskaera ez da oraindik aldatu: etxebizitza alternatiba egonkor eta hurbileko bat Carmen eta bere alabarentzat; larrialdietako etxebizitzak eta alokairu sozialeko parke publiko nahikoa, pobreziaren kudeaketa hirugarren sektorearen eta hotel-kateen esku uzteari utz diezaiotela; urriaren 30eko poliziaren jarduera ikertu dadila eta horren gaineko ardurak ezar daitezela; zaurgarritasun txostenak eskatzen direnean eskaini daitezela eta instituzioek etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta beharren adinako lurzoru publikoa bermatzeko dituzten erremintak martxan jar ditzatela. Borondate oneko adierazpenek ez digute balio, miseria administratzeari utzi eta eskubideak bermatzea dagokizue.
Azaroaren 11ko greba orokorra arrakastatsua izan zen, eta hau guztia lau haizetara zabaltzeko balio izan zuen: Abusutik hasita, kaleak eta lantokiak bete genituen. Bide horretan jarraitu beharra dago. Etxebizitza bat ezin baita jabe baten borondatearen esku geratu, udaletxe baten onginahietan bukatu edota hotel batetik besterako trasiegoan galdu. Eta batez ere, gure miseriei bakartuta aurre egin diezaiogun nahi duten horien aurrean, gure bizitzen defentsan antolatzen jarraituko dugu.
Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.
Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!