We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Educación
Nafarroako haur eskolen greba
“Zuen 0-3 politika kaka bat da!”. Horixe irakurri dugu maiatzean zehar Nafarroako Gobernuaren aurrean, baita Iruñeko Udalaren aurrean ere, udal haur eskolen langileen eskutik. Bertan lan egiten duten emakumeek urteak daramatzate beren baldintza kaxkarren inguruan hitz egiten. Agerraldi eta elkarretaratze ugari egin dituzte, eta familiengana ere sarri jo dute, egoeraren berri emateko: gelako gehiegizko haur kopurua oso handia da, eta langileen soldata, aldiz, txikiegia; baldintza horietan, ezin da kalitatezko hezkuntza eta zaintza bermatu 0-3 zikloan.
Haur eskoletako hezitzaileek egunero erakusten diguten jarrerak ez du zerikusirik pandemia garaian irakasleen parte handi batek erakutsi zuenarekin. Hezitzaileek beren aldarrikapen propioen parean jarri dituzte beti umeak eta familien eskakizunak, eta haur eskola komunitate bezala ulertu dute. Oinarritik egiten den lan horrengatik, zilegitasun osoa dute, bai eta familien babesa ere.
“Iruñeko haur eskolek gure hiriak duen altxorretako bat osatzen dute. Bertatik pasa bazara autonomia, errespetua, ikasteko grina eta komunitatea zer diren uler dezakezu”
Iruñeko haur eskolek gure hiriak duen altxorretako bat osatzen dute. Bertatik pasa bazara -haur, guraso edo lagun gisa-, autonomia, errespetua, ikasteko grina eta komunitatea zer diren uler dezakezu. Era berean, berdintasuna garatzeko ezinbesteko tresna bat da.
Hala ere, erabat feminizaturik dagoen sektorea denez, haur eskoletako hezitzaileen eskaerak ez dira inoiz entzun, ezta bete ere, eta aurreko legealdiko “aldaketarako laukoak” ere ez zuen apenas sakoneko aldaketarik egin. Hezitzaileen eskuzabaltasunak, duintasunak eta kemenak gaur eguneko politikari eusteko bidea erakusten digu. Biba zuek!