We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Derecho a la vivienda
Eguzkiak etxebizitza erre du
Eguraldiak pista gutxi eman dizkigun arren, udara iritsi da. Agian sumatuko zenuen zure auzoko kaleetan barrena. Batez ere Euskal Herriko kostaldeko herri bateko bizilaguna bazara. Eta ez, ez naiz ari festa giroaz edo jendearen umore hobeaz. Urtetik urtera ageriagoa den beste faktore batez ari naiz. Konturatuko zinen turistak herrira iristen ari direla edo agian, hilabete guztietan ikusten dituzunez, ez duzu aldaketarik igarri. Edozein kasutan, hor daude berriz ere, neurri gabeko prezioak dituzten apartamentu turistiko eta hotelak betetzen. Eta zu gurasoen etxean, etsita, hotel konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.
Etxetik atera zara eta eskaileretan behera zindoazela maletak eskuetan zituen familia batekin egin duzu topo. Urteak dira lehenengo pisuan bizi zen bizilaguna hil zela eta seme-alabek etxea Airbnb-n iragartzen hasi dira. “Apartamento moderno y luminoso. Barato para la zona”, diote Interneten. Eta 30 urtetan erreformatu ez den etxe horretan modernoena ipurdidun telebista izango da. Argitsua, agian, lanparak piztean, eta merkea... hori oso subjektiboa dela esango dizute. “Es el mercado, amigos”, Rodrigo Rato bankariak esaten zuen bezala. Hala ere, ez izan jabeekin gogorrak, Interneten dena pixka bat apaindu behar baita. Eta gogorrak bazarete ere, ez dira gehiegi kezkatuko. Uda guztia beteta. Portalera jaitsi eta hor ikusi duzu: VT kartela, 'vivienda turística', alegia.
Taberna ostatu bihurtu da. Gau eta egun kafe eta kañak zerbitzatzetik, oheak jarri eta ia autozerbitzu bat eskaintzera. Ez da negozio makala
Herritik paseatzen ari zarela, orain dela hilabete batzuk itxi zuten tabernan mugimendua dagoela ikusi duzu. Gerturatu eta irekita zegoen leiho batetik burua sartzeko tentazioa izan duzu: gazte kuadrilla bat literen artean motxilak prestatzen. Taberna ostatu bihurtu da. Gau eta egun kafe eta kañak zerbitzatzetik, oheak jarri eta ia autozerbitzu bat eskaintzera. Ez da negozio makala. Kalean aurrera jarraitu, eta antzeko kasu bat antzeman duzu liburu denda zen horretan. Ate alboan teklatu bat du kode bitartez sartzeko. Honek agian ez du langilerik ere izango.
Dagoeneko kontziente zara herriaren etorkizuna ekonomia turistikoaren esku dagoela. Ixten den edozein denda edo taberna hotel edo ostatu bihurtzen dela eta denak betetzen direla. Hori gutxi balitz, geroz eta atari gehiagok dute VT plaka. Hasieran alde zaharretan edo herriko kale nagusietan. Orain auzotara zabaldu den plaga bat da. Eta bizilagunak ez daude pozik baina, zer egin dezakete? Gauza gutxi. Hutsik geratzen den etxebizitza bakoitza, errentagarritasun handiena lortzearen lasterketan sartzen da. Zertarako eskaini denbora luzeko eta prezio zentzuduneko alokairu bat udan kontu korrontea bete badezakete?
Hutsik geratzen den etxebizitza bakoitza, errentagarritasun handiena lortzearen lasterketan sartzen da. Zertarako eskaini denbora luzeko eta prezio zentzuduneko alokairu bat udan kontu korrontea bete badezakete?
Hori nahikoa ez dela, eraikitzen ari diren auzo berritik pasa zara. Aurreko urtean 300.000 euroko etxebizitza babestuen zozketan izena eman zenuen baina ez duzu zorterik izan. Zorte gutxi eta merkatu askeko 600.000 euroko pisu bat erosteko dirua oraindik eta gutxiago. Hala ere, etxeen alboan eremu huts handi bat dago. Hor eraikiko al dute zure etorkizuneko etxea? Ez. Hor sei solairuko hotel bat joango da, eta atikoan igerileku bat jarriko dute gauaren prezioa 300 eurotara iristeko. Zure herrian bizitza-proiektu bat egiteko aukerak itxaron beharko du. Agian bizitza guztia egongo zara itxaroten.
Ibilbide luze honetan herriko plazara iritsi zara. Eta hor dago kuadrilla osoa. Gehienak gurasoen etxetik atera gabe eta besteren bat gurasoen laguntzaz lortutako etxeren batean. Hala ere, ez dute kezka handirik honen inguruan. “Lortuko dugu BOEren bat, lortuko dugu dirua etxea erosteko”. Bai, 1.200 euroko soldatarekin bi bizitza beharko zenituzke jabe izatera heltzeko. Ez dago kontzientziarik, ez dago kexarako gogorik. Beste gai bat dago gaurkoan. “3 eurotara igo didate zerbeza eta zerbitzariak udarako prezioa omen dela esan dit, lotsa gutxi daukate”. Merkatua da, lagunok.