Opinión
Euskararen auzi sozialaren hipotesiak ziklo berrirako

Langile-belaunaldi berrietan zabaltzen ari den politika sozialistak atxikimendu berri bat sor dezake, euskararen auzia zapalkuntza ororen aurkako kausaren barruan artikulatuta.
Trimestral 72 Hordago  Zonificación Lingüistica
Manifestación en Tudela (Navarra) contra la zonificación lingüistica.

Euskara «bidegurutzean» dagoela edonon entzun daiteke, baina finean adierazi nahi dena da euskararen biziberritzearen eta euskalgintzaren ziklo bat agortu egin dela. Iñaki Iurrebaso soziolinguistak, berriki argitaratutako doktorego-tesian, zenbakitan erakusten du zikloaren amaiera hori. 1971tik aurrera, aurretik zetorren ordezkapen linguistikoari buelta ematea eta euskara indarberritzea lortu bazen ere –biztanleen % 17tik % 27ra–, 2001tik hona «geldotzearen aroa» esaten dionean gaude, ezin kopuru horietatik aurrera eginda. Bi ezaugarri nagusitan laburtzen du legazpiarrak egungo egoera soziolinguistikoa: alde batetik, euskararen «minorizazio gorria», erdaren aurrean eutsi ezinak eta euskaldun gaituak sortzeko ezintasunak ezaugarritua, eta, bestetik, «bizinahia», eroso egiten zaien euskararen aldeko jarrera indartsua, baina hiztun gehiagok erabiltzeak erakusten ez duena.

“Hiru dira euskararen ziklo agorpenaren elementu nabarmenak: instituzionalizazioaren mugak, euskararen klase-gotortzea eta aldeko konpromiso politikoaren galera”

Uste dut ezinbestekoa dela beste zenbait elementu hona ekartzea, zikloaren agorpen garaiotan gero eta nabarmenago ageri direnak eta maizago aipatzen direnak, baina ez behar adinako garrantziaz. Hiru dira, nire ustez: instituzionalizazioaren mugak, euskararen klase-gotortzea eta aldeko konpromiso politikoaren galera.

Lehenengo elementuak, aurreko indarberritze-zikloan erabateko zentraltasuna izan duen hizkuntzaren instituzionalizazioak azaleratu dituen ajeei egiten dio erreferentzia. Hizkuntza ororen modernizazio-prozesua pasa da instituzionalizatzetik eta, beraz, gizarte kapitalistan eta bertako erakundeetan hizkuntza eraginkorki txertatzetik; baita euskararena ere. Dena dela, minorizazio-egoera dela eta, erakundetze-prozesu prekario eta subordinatua ez da erabateko normalizazio linguistikoaren berme izan. Are, euskararen diglosiaren izaera aldatu egin dela esan daiteke: aurreko mendearen hasieran euskarak gizarteko goi-funtziorik betetzen ez bazuen, gaur egun eremu instituzionalari eta jarduera formalei lotutako funtzioak betetzen ditu indartsuen eta zailtasun handiak ditu, aldiz, bizitza zibilerako hizkuntza eraginkorra izateko. Euskarazko hezkuntzak, normalizazio-prozesuaren zutabe izan den eta EAEn unibertsalizatze-bidean dagoen D ereduak ere, zailtasun handiak ageri ditu euskaldun gaituak sortzeko: azken urteotako datuek erakusten dute D ereduko hamar ikasletik lauk ez dutela oinarrizko euskara-maila eskuratzen eta gainontzeko askok ere ez dute euskara erraztasunez erabiltzeko gaitasunik.

Bigarren elementua, euskara erdi-mailako klaseetan gotortzearen prozesuarena, estuki lotzen zaio aipatu berri dugun instituzionalizazioari, baina hortik harago doa. Ez da inolako epai morala, konstatazioa baizik: klase ertainak izan ohi dira instituzio burgesen integrazio sozialaren oinarri eta euskarak atxikimendu eta presentzia handiagoa du errenta ertain-altuetan. Horren ifrentzuan dago sektore proletarizatuetan euskarak presentzia urriagoa izatea, eskola-segregazioari buruzko eztabaidek eta hainbat ikerketek erakusten duten bezala. Immigrazioaren eta euskararen arteko harremana ere, egun hitzetik hortzera dabilena, ikuspuntu beretik ulertu beharra dago funtsean: jatorriak bere eragina badu ere, klasea da faktore determinantea.

Azkenik, hirugarren elementua euskararen aldeko konpromiso politikoari dago lotuta. Iurrebasok euskal hiztunen «bizinahia» azpimarratzen badu ere, nabarmena da atxikimenduaren eta jarrera militantearen galera, euskalgintzako hainbat ahotsek edo azkenaldiko mobilizazio-saiakera desesperatu samarrek adierazten duten bezala. Finean, aurreko zikloko inertzia batzuek oraindik badirauten arren, nabarmena da despolitizazio- eta desmobilizazio-prozesu bat gertatu dela euskararen aldeko borrokan, Euskal Herriko langile-mugimendu iraultzailearen neutralizazioaren ondorio dena, lehenik, eta ezkerreko abertzaletasunaren behin betiko integrazioarena, bestetik.

“Abertzaletasun integratuak euskararen biziraupena eskakizun administratiboekin lotzen duenean, erreformismo espainolistak hizkuntz eskakizunen injustizia salatzen du, euskararen biziberritzea eta justizia soziala faltsuki kontrajarriz"

Euskararen egungo egoera, alde on eta txar, aurreko ziklo soziopolitikoaren emaitza da. Kostata baina bizirik dagoen hizkuntza bat daukagu, baina, ohartzerako, badirudi orain arteko normalizazio-paradigmak bere mugak jo dituela. Euskararen egoera partikularra, gainera, auzi sozial gisa ulertu behar da: euskarazko hezkuntzaren disfuntzioa hezkuntza-sistema kapitalistaren krisi edukatibo eta sozialarekin dago estu lotua, migratzaileen eta sektore proletario gero eta handiagoen instituzio burgesekiko desatxikimendua –eskola, administrazioa, zerbitzu sozialak– desafekzioari lotuta dago, eta baita estatuek sektore horien integrazio sozialerako dituzten gero eta zailtasun handiagoekiko. Halaber, euskara politika instituzionalera mugatuta, euskara administrazio-kuotengatiko borrokan katramilatuta ageri zaigu: abertzaletasun integratuak euskararen biziraupena eskakizun administratiboekin lotzen duenean, erreformismo espainolistak hizkuntz eskakizunen injustizia salatzen du, eta, hala, euskararen biziberritzea eta justizia soziala faltsuki kontrajartzen dituzte.

Dikotomia faltsu hori politika sozialista iraultzaileak sintetizatzen du. Ez da soilik zapalkuntza linguistikoaren erroa gainditzeko eta hizkuntzen dibertsitatea eta garapenerako aukera bakarra, ziklo politiko berriaren atarian euskarari leku berri bat egin diezaiokeena ere bada. Langile-belaunaldi berrietan zabaltzen ari den politika sozialistak atxikimendu berri bat sor dezake, euskararen auzia zapalkuntza ororen aurkako kausaren barruan artikulatuta, iraultza sozialistaren auzi bihurtuta.


Euskera
La hegemonía educativa del euskera
La matriculación en los distintos modelos lingüísticos se ha invertido en las últimas décadas. El euskera es hoy la opción educativa hegemónica.
Tribuna
Una política lingüística con unas exigencias razonables en las que quepamos todas y todos
CC OO considera necesario un sistema de perfiles que garantice derechos lingüísticos en la Administración pública, pero considera igualmente esencial la negociación con los agentes sociales, que no ha existido.
Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra na túa conta.

Relacionadas

Cargando relacionadas...
Cargando portadilla...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...