“Beti iruditu izan zaigu testuak gertu izanda gauza gehiago gertatzeko aukera dagoela”

Nerea Fillat Katakrak-eko kidea da eta Hordago-ren sortzaileetako bat. Bere iritzi zutabeak jasotzen dituen liburua argitaratu du, 'Adostasunik gabe. Burutazio deserosoak feminismo autonomotik'.
Nerea Fillat
Nerea Fillat Katakrak liburu dendan.
6 dic 2023 05:30

58. Durangoko Azokan
Abenduaren 6, 7 eta 8an Nerea Fillat egongo da Katakrakeko postuan (Landako Gunean, 13-14-15 Barrenkalen), eta Hordagoren postutik haratago (40 Goienkalen), hor ere bai bere liburua erosteko aukera izango duzue. Hordagoko nobedadeak aurtengo azokan hemen.
Nerea Fillat Katakrakeko kidea da; Hordago El Saltoren sortzailea ere bada, baita Fundación de los Comunes-eko kide ere. Lana eta militantzia uztartzen ditu bere egunerokoan, eta horren erakusle dira bere idatziak, zeinek, besteak beste, Euskal Herriko paradigma politikoan eztabaida eragitea duten helburu. 2017tik, etengabe aritu da Hordagon zutabegile, eta 58. Durangoko Azoka honetan bere testu hautatu batzuk jasotzen dituen liburua aurkeztu du.

Zure zutabe hautatu batzuk jasotzen dituen liburua aurkeztuko du Hordagok Durangoko Azokan: Adostasunik gabe. Burutazio deserosoak feminismo autonomotik. Izenburuak dioen bezala, eztabaida eta galdera deserosoek ezaugarritzen dituzte atal asko. Zer abiapuntutatik idazten duzu?
Egia esan, hor agertzen diren galdera eta hausnarketak nire momentu politikoen eztabaiden isla dira. Idatzi batzuetan, nik bizi eta sentitu izan ditudan momentuak daude, baina beste askotan nire kideekin hitz egin eta landutako hausnarketak ageri dira. Azken finean, beste jende batekin konpartitzen ditugun galderek aurrera egiteko aukera ematen digute. Izan ere, sentsazio orokorra da euskal politikaren munduan oso zaila dela eztabaida eragitea. Dena oso orekatua dago, mundu guztia bere tokian dago, eta ertzetako galderak oso gutxitan agertzen dira. Galdera horiek ez dira oso orokorrak, eta niri iruditzen zitzaidan auzi horiek toki bat eduki zezaketela zutabe batean. Asko, adibidez, unean uneko gaiak dira. Orain dela gutxi ere euskararen auziaren inguruko zutabe bat baino gehiago egin dut, niretzat oso kontu garrantzitsua delako. Gainera, uste dut euskalgintzaren zati handi batek erosotasunetik begiratzen diola aferari eta etorkizuna baldintzatuko duten akats politiko sakonak gertatzen ari direla. Honetan, nire ahotsa ez da bakarra, badaude hainbat ahots esaten dutenak euskalgintzatik egiten diren hainbat politika nahiko arrazista eta diskriminatzaileak direla.

Nerea Fillat libro portada

Euskara, feminismoa… ukiezinak diren gaiak direla dirudi.
Hordago ere horretarako pentsatu genuen. Proiektua sortu genuenean, eta nolabait Diagonalen oinordeko izan zenean, guk oso argi ikusten genuen Euskal Herriko beste toki batetik hitz egiten zuen hedabide bat izan behar zuela. Ez zuen izan behar tokiko hedabide huts bat, ez zuen izan behar euskaraz egiten zuen hedabide huts bat –nahiz eta hori ere baden–, eta argi genuen beste aliantza batzuk izan behar zituela bai gure lurraldearen barruan bai hortik kanpo ere. Nolabait, abiapuntua zera zen: gure ahotsen isla sortu nahi genuen, modu egonkor batean.

Nola heldu zinen kontrainformazioaren mundura?
Ni, nolabait, globalizazioaren aurkako politikaren paradigmarekin heldu nintzen komunikazioaren mundura. 2000. urtearen inguruan gauza asko zegoen jokoan, eta borroka gehienak galdu genituen. Internet zer izango zen erabakitzen ari zen urte horietan, eta kontrainformaziotik eta aktibismotik borroka handia egin zen Internet komunen esparru bat izan zedin; hau da, lur komunalen antzera, denona izango zen baliabide bat, nork bere nahiak asetzeko erabiliko zuena. Begirada sozial bat eskaini zezala nahi genuen, eta kriston porrota izan zen; gaur, Internet enpresen esparrua da, eta ez da inondik inora komunala, nahiz eta horretarako aukera hor izan genuen. Komunikazioaren mundura heldu nintzenean, mediaaktibismotik, hacktibismotik eta kontrainformaziotik, oso kontziente ginen horrek globalizazioaren aurkako borrokan izan zezakeen garrantziaz; esate batera, Nafarroaren kasuan, Euskal Jai gaztetxearen edo Itoizko urtegiaren inguruko gatazketan. Ildo horretan, Eguzki Bideoak sortu zen, hau da, kontrainformazio kolektibo bat, dokumentalen banaketa egiteko. Orduan ez zegoen Netflixik, eta horren bitartez sareratzen genituen edukiak, lizentzia askeekin eta modu zein estruktura sozialekin, eguneroko gatazketan eragin zezaten.

2000. urtearen inguruan gauza asko zegoen jokoan, eta borroka gehienak galdu genituen

Ze garrantzi dauka kazetaritza antagonista horrek?
Hain justu, globalizazioaren aurkako gatazka horretan —Nafarroan, Euskal Jaien eta Itoizen kasuan—, bagenekien komunikazioa garrantzitsua zela; areago, guk gatazka komunikatiboa irabazi genuen, edukiak Internetera igoz, modu kolektiboan lan eginez, gure bulegoekin eta gure irudiarekin. Orain, gatazka hori beste modu batean enfokatzen ari da. Komunikazio botereek oso modu agerian baldintzatzen dute politika: goi mailako politika eta eskuin muturreko baloreen hedapena adibide argiak dira. Hordago testuinguru horretan sortu zen, Diagonalen beste pauso bat izan zen; beste estruktura batekin eta beste nodo batzuekin, baina, muinean, helburua zen hainbat urtetan egindako lanarekin aurrera jarraitzea.

Katakraken proiektuan ere sorreratik zaude lanean, eta liburu dendak ere eragile politikoak direla adierazi duzu askotan. Zein da halako espazio baten garrantzia, eta nola eragiten du horrek hirian?
Horrek harreman zuzena dauka ekosistema politiko baten osasunarekin. Azkenean, politika erradikal edo eraldatzaile bat, edota eguneroko diskurtsoekin bat egiten ez duen politika bat, eguneroko militantziarekin sortzen da; irakurketarekin, eztabaidarekin eta lan intelektual kolektiboarekin. Hiru gauzak ezinbestekoak dira, baina beti iruditu izan zaigu testuak gertu ditugunean gauza gehiago gertatzeko aukera dagoela. Guk La Hormiga Atómica sortu genuenean, 2007an, oso kontziente ginen Iruñean urte grisak bizitzen ari ginela: 2004an Euskal Jai gaztetxea itxi zuten, eta espazio autonomoak oso kolokan zeuden. Bitartean, Madrilgo Traficantes de Sueños eta Bilboko Likiniano elkartearen ereduak genituen, eta susmoa genuen horrek dinamismo politikoa susta zezakeela.

Beraz, lana eta militantzia elkartzen dituzten proiektuak dira.
Bai. Guk bagenuen enpresa politikoaren hipotesia; hau da, guk beti defendatu izan dugu militantzia eta lana bateratzen dituzten proiektuen egitura. Nolabait, horrek azken hamarkadetan lanaren eta militantziaren artean egon den banaketa apurtzen du. Banaketaren eredu hori baliagarria izan da urte luzez, baina ez dugu uste horrek 2023ko ongizatearen erosotasunean funtziona dezakeenik. Ez dago gatazka politiko handirik, eta, oro har, gaur egun lana ez da lehenago zena, hau da, gatazka esparru bat, nolabait. Orduan, gure ustez, enpresa politikoaren hipotesia bateratze hori da, azken finean, egunerokotasuneko militantziari bide ematen diona. Hori bai, enpresa lan handia egin behar da horretarako, eta gure esparruek gatazka guztien aurrean ireki behar dituzte ateak. Gainera, liburuek horretarako boterea daukate: beti dira, nolabait, esperantza esparru. Galdera irekiak uzten dituzte beti. Horregatik daukagu liburu denda bat, horregatik argitaletxe bat, uste dugulako forma horrek oraindik zentzua daukala hiri batean.

Guk beti defendatu izan dugu militantzia eta lana bateratzen dituzten proiektuen egitura

Ze egoeratan daude liburu dendak egungo testuinguruan?
Liburuaren ekosistemak berezitasun asko ditu. Orain, adibidez, liburu asko argitaratzen dira; esaterako, Espainia titulu gehien argitaratzen dituen herrialdeen artean dago. Ekoizpen ikaragarria dago, abiadura izugarria dago argitaletxeetan, banatzaileen artean eta liburu dendetan. Hor dago gatazka. Alde batetik, ondorio ekologiko handiak dituen alorra delako: paper asko kontsumitzen da, azkenean gutxienekoa dena, eta, bereziki, kutxa pila garraiatzen dira. Orduan, nola dauden liburu dendak? Ba, tamaina batetik aurrera, horren guztiaren menpe hein handi batean. Bestetik, orain plataformetan kontsumitzen denaren menpe ere badaude. Irakurketaren etsairik nagusienak plataformetan dauden telesailak dira, jendeak, irakurri ordez, telesailak ikusten dituelako. Azkenik, eta euskal mundua krisi ikaragarri batean murgilduta dagoen honetan, euskal tituluen salmenta nabarmen jaitsi da azken bi urteetan. Gatazka handi horrek ere asko baldintzatzen gaitu. Finean, liburu dendak beti ari dira borrokan.

Nola egin aurre horri?
Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da liburu onak edukitzea, liburu onak argitaratzea eta irakurtzea maite duten pertsonen babesa izatea.

Zerbait ondo egin den seinale bada behintzat Katakraken 10. urteurrena. Nolakoa izan da ibilbidea, eta nola heldu da honaino?
Honaino heldu da lan pila bat eginez. Ez dago formula magikorik: lan handia egin eta taldea zaindu. Taldea zaintzeak esparru kolektibo bat mantentzea esan nahi du, errespetua izatea, inoren gainetik ez pasatzea, eta erabakiak modu kolegiatuan eta kontsentsu bidez hartzea, besteak beste. Hori zainketa handi bat da guretzat. Beraz, hein handi batean, zainketaren bitartez heldu gara honaino, baina baita urteetan zehar gertatu diren gauzengatik ere. Iruñean, azken finean, komunitate handi bat daukagu, erabaki askorekin asmatu dugu, eta, batez ere, asmatu dugu esparruaren formatuarekin.

Urteurrena abenduaren 30ean hasiko da, eta gure asmoa da urte osoa horretan igarotzea. Momentuz, LP bikoitz bat atera dugu, eta beste gauza asko ditugu pentsatuta. Baina horrek lana ere badakar. Zama handia da daukagun jardunaz gain hori ere egitea: baina, aldi berean, ospatu beharreko gauza bat da, eta ospatuko dugu!

Katakraketik, etxearen inguruan sortzen diren harreman bertutetsuak azpimarratu izan dituzue. Zer garrantzi du kontraboterean gertatzen den saretze horrek Euskal Herriko panorama politiko zein kulturalean?
Funtsa da, azkenean. Gainera, logika guztien aurka doa. Guretzat, gauzarik garrantzitsuena da jendearekin tratu ona izatea, zainketa kolektibo hori bermatzea, eta jendearekin daukagun harreman horrek ematen dio zentzua eta indarra honi guztiari. Katakraken ere ildo politiko ezberdineko pertsonak daude, eta, hala eta guztiz ere, denok onartuko gaituen proiektu handi bat sortu eta babesteko gai izan gara. Oso hunkigarria da, eta oso gauza garrantzitsua, ikustea nola hemendik pasa den jendeak kanpora eraman duen Katakraken ahotsa. Honen parte sentitzen dira modu batean edo bestean, eta prest daude gure alde egin eta gure ahotsa kanpoan defendatzeko. Nire ustez, harreman zentzudunak sortzearen ondorioetako bat da hori.

Jendeak Durangon erosten badu, gero ez du liburu dendetan erosten, eta guk, liburuaren katearen defendatzaile garenok, hori baitan jarriko genuke

Durangoko Azokan postu bana izango dute Hordagok eta Katakrakek. Zer garrantzi du halako ekitaldi batean egoteak?
Gauzarik garrantzitsuena da Durango topaketa bat dela. Hor bat egiten dute kulturaren inguruko eragile askok. Hori bai, azoka gizartearen eredu eta isla da aldi berean. Ahots txikiak desagertu egin dira, edo, behintzat, oso gutxi daude, eta dirua daukaten kolektiboek bakarrik dute hor egoteko aukera. Hori gauza askoren adierazgarri da. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu gu ere hor egotea, eta, hein batean, ezinbesteko. Hau esanda, uste dut euskal kulturarentzat askoz hobea litzatekeela guztion artean Durangoko Azokari buelta bat ematea eta momentu honetan daukan ildo komertzial bakar hori birpentsatzea. Izan ere, enpresa batzuek asko saltzen dute Azokan, eta gero horrek eragin handia du liburu denda txikiek Gabonetan dituzten salmentetan. Hau da, jendeak Durangon erosten badu, gero ez du liburu dendetan erosten, eta guk, liburuaren katearen defendatzaile garenok, hori baitan jarriko genuke. Uste dugu hori birpentsatu egin behar dela; batez ere, oraingo planteamenduak egitura ekonomiko handiei bakarrik egiten dielako mesede eta hori oso arriskutsua delako. Bereziki euskal kulturarentzat da arriskutsua. Kultura batek, bere etorkizuna bermatzeko, eragile txiki asko behar ditu, eta, horiek desagertzen doazen heinean, kultura horren osasuna gero eta eskasagoa izango da.

Urtebete luze pasa da Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren berri eman zenetik; iazko Azokan toki guztietan ageri zen, eta aurten ere haren arrasto ugari aurkituko ditugu Durangon. Zer gertatzen zaigu, edo zer behar daukagu esku horretan herri bati erantzunak bilatzeko?
Nik uste dut denok daukagula erantzun azkarrak eskuratzeko premia, eta bat-batean horrelako kontuetan fokalizatzen ditugula inguruan gertatzen denari zentzua ematen dioten gauza asko. Hori, alde batetik; bestetik, estatugintza dago gauza guztien azpitik, baita Irulegiko eskuaren interpretazioan ere. Izan ere, Irulegiko eskua ez da bakarra, uste dut badaudela beste lau mundu zeltiberiarrean, eta aurkikuntzaren beste interpretazio arkeologiko bat egin liteke. Horrekin ez dut esaten hor euskarazko lehen aztarnak ez daudenik, baina badaude ere beste gauza batzuk. Hor dagoen hizkuntza ez da euskara, eta hor dagoen alfabetoa beste esparru kultural bati dagokio, baina inoiz ez da zentzu horretan interpretatu, edo ez da mezu hori lehenetsi. Interpretazio esparrua zabalagoa izan beharko litzateke. Motz esanda, denok behar ikaragarria daukagu erantzun azkarrak jasotzeko, eta, ondorioz, “pop ikono” horien atzean funtzionatzen dugu, horrek gaur egungo bizi nazkagarri honi zentzua emango balio bezala. Uste dut oso erraza dela hor euskaldunon nortasunaren erantzun azkar eta erdipurdikoak bilatzea.


Literatura
Durangoko Azokan jendarteaz, politikaz eta beste
Ekologia krisia, osasun mentala, klase zapalkuntza eta bestelako kezka dituzte hizpide, besteak beste, Durangoko Azokaren 58. edizioan aurkeztuko diren nobedadeek.
Comercio
Gu bai amazonak!

Amazon da kontsumismo burugaberako tresna bat, bakarkako praktikak sustatzen dituena

Arqueología
Irulegi pop!
Sinesmenaren, identitatearen eta ideologiaren eremuan kokatu da eskuaren aurkikuntza, ikerlari eta pentsalari askok gomendatzen zutenaren aurka.
Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra na túa conta.

Relacionadas

Cargando relacionadas...
Cargando portadilla...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...