“Hirietan beti emango dira saiakerak landa eremuan ematen diren esperientziak eta jakintzak errekuperatzeko”

'Errusiako gutunak : Azken Marx, landa-komuna eta ezinezko iraultzak' plazaratu du Katakrakek, Jone Gartziak lehen aldiz euskaratua, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute, Abenduaren 7 domekan, 16:30etan Ahotsenean.
Jone Gartzia 1
Eider Iturriaga Jone Gartzia Bilboko San Inazion egindako elkarrizketaren ostean.

Azken belaunaldietako militanteek 1990ean argitaratutako “El Marx tardío y la vía rusa” liburuan irakurri dituzte Vera Zasulitx eta Karl Marxen arteko gutunak. Hiru hamarkada baino geroago Errusiako gutunak : Azken Marx, landa-komuna eta ezinezko iraultzak plazaratu du Katakrak argitaletxeak, Jone Gartzia Gerrak lehen aldiz euskaratua, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute, Abenduaren 7 domekan, 16:30etan Ahotsenean.

Anitz dira gutun hauek azalerazten dituzten gaurkotasun osoko eztabaidak: zein da baserritarren eta landa eremuetako komunitateen jokabide politiko eta ahalmen iraultzailea? Bada marxistentzako kapitalismoaren bilakaera historikoa lineal eta unibertsala? Zergatik izan da Errusiar iraultza komunistak irabaztea lortu zuen lehenengo herrialdea ez bazegoen langile proletarizatu ezta kapitalismo sendorik?

Zasulitx eta Marxen arteko gutunek, eta garaiko Marx eta Engelsen beste idazkiak baita ere, haien bilakaera teorikoaren adierazle argigarria dakarte: ez da behar kapitalismoaren gorakadarik komunismoa ezartzeko eta hirietako langileria ez da gai bera bakarrik lan eremuetako baserritar barik iraultza aurrera eramateko. Ez Errusian, ezta Txinan, Afrikan, Lationoamerikan ezta Europako hainbat lekuetan ere ez.

Hirietako indibiduo atomizatuek, sarritan antolatu gabeek, beharrezkoa dute landa eremuetan bizirik dirauen harreman komunitarioak, ohitura, hizkuntza eta lurrarekin lotura mantendu dutenekin, edo gutxienez premia hori agerian geratu zen XIX. mendean, Euskal Herrian gertatu ziren gerra zibilak edo karlistadak argi erakutsi zuten bezala. Horiek danak aztertzeko Jone Gartzia itzultzaileagaz solas egin dugu, liburu berria Durangoko Azokan aurkezteko egun gutxi falta direnean.

Mugimendu iraultzaileen garapenean zein izan da hiri eta landaren arteko erlazioa?
Galdera erantzun aurretik, argi esan nahi dut nik hiritik hitz egiten dudala eta ez dudala landa eremuarekin eguneroko harremanik. Hala ere, uste dut politika iraultzaileen tradizioetan hiriek hartu dutela zentraltasuna, bertan pilatzen delako jende gehiena eta, ondorioz, masa mugimenduak sortzeko erraztasun handiagoa dagoelako. Landa eremuetan bestelako dinamika propioak garatzen dira, hirietan agertzen ez direnak. Edonola ere, dinamika prozesu konplexu bat da. Adibidez, industrializazioak eragindako landa exodoak garrantzi handia izan zuen hiri-borrokak eta lan-gatazkak eratzeko orduan, zeren eta langile gazteak beste erlazio mota bat zuten, bai hiri eta fabrikekin, bai beren artean.

Oro har, hirian kapitalismoaren biolentzia agerikoagoa bada ere, lan zein erreprodukzio baldintzak basatiak modu nabarmenagoan antzematen badira ere, kontuan hartu behar dugu hirietan giza-harremanak sarritan ahulagoak dira. Hala ere, hiriak jende kopuru handiak masa-mugimenduak sortzeko aukerak zabaltzen ditu. Landa eremuek beste egitura eta praktika batzuk mantentzen dituzte, komunitatean oinarrituagoak, Bilbo bezalako metropolietan nagusi diren fabrika-hiri logiketatik harago.

Hortaz, landa eremuan erlazio komunitarioek iraun dute
Hala eta guztiz ere, ezin da landa eremua idealizatu kapitalismoaren eraginik gabeko espazio gisa. Hiritik urrun egoteak ez du logika kapitalistatik kanpo kokatzen; dinamika beraren beste adierazpen bat besterik ez da. Gainera, ez dago argi landa eremua abandonatu dugun ala hiriak ez dituen jarduerak eta funtzioak bertan kokatu ditugun, adibidez kartzelak, zentro logistikoak, polo energetikoak…etab. Beraz, kapitalaren metaketan landa eremuak ezinbestekoak dira gure biziraupenerako. Baina kapitalismoak landa eremua zeharkatzen duen arren, bertan ere posible dira antolakuntza eta borroka espazio alternatiboak, komunitate-harremanekin lotura dutenak.

Ezin da landa eremua idealizatu kapitalismoaren eraginik gabeko espazio gisa. Hiritik urrun egoteak ez du logika kapitalistatik kanpo kokatzen.

Aldi berean, landa eremuko kontraesanak —lurraren jabetza edo familia-egiturak, adibidez— ez dira desagertzen. Beraz, ezin dugu komunitatea automatikoki komunismoaren adierazpen gisa ulertu, erlazio gatazkatsuago bat bai da.

Metropolien indibidualismoa eta muturreko kapitalismoaren ondorioa da hainbat gaztetxe, etxebizitza sindikatu eta herri egituretan komunitatearen birsortzea helburu estrategikoa izatea, adibidez auzolanak eta kirol jarduerak bultzatuz?
Nik ez dakit hau gauza berri bat ote den, edo modu batez beti existitu den fenomeno bat. Komunitatea behar dugu, bai gure bizitzarako bai gure antolatzeko gaitasuna baliarazteko. Horretarako sortu ziren gaztetxeak 80’ hamarkadan. Gazteek beraien determinazio politikorako espazio bat izan dezatelako. Orduan, nahiz eta komunitatearen berpizkunde bat egon den, nik uste etxebizitza sindikatuak, adibidez, ez direla garatu arrazoi horrengatik. Kontua da etxebizitza sindikatuak behar ditugula etxebizitzarekin problema bat dagoelako merkatu kapitalistan. Taldeak, antolakundeak…etab, behar ditugu gure beharren borrokak aurrera eramateko.

Zein erlazio dauka hau gure auzo eta historia hurbilekoan?
Iruditzen zait hirietan beti emongo direla saiakerak landa eremuan ematen diren dinamiken inguruko esperientziak, jakintzak…etab errekuperatzeko asmoak. San Inazio bertan, industrializazioan etorritako atzerritar asko ortuak hasi ziren lantzen, bai okupazioaren bidez edo beste jabetza prozesu batzuen bidez. Gero denetarik existitzen da uzta banatzeko orduan: badaude esplotazioak dimentsio komunal bat dutenak baina gehienak era pribatuan ustiatzen dira.

Askotan bere bai izan ziren langile horiek beraien etxeak eraiki zituztenak etxoletatik eta hortik auzo langileak. Horrek kutsu bat uzten du, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena. Baina, hala ere, beti, borrokarako kutsua beharrizanetatik sortuko da eta gero antolakundeak edo antolatzeko esparruak etortzen dira.

Komunitatearen desagerpena modu batez 'domestikazio' bat dakar, zeren eta instituzioek ekartzen diguten soluzioak eta eskaintzaz haratago zaila egiten zaigu imaginatzea

Nolanahi ere, gaur egungo metropolietan gero eta elkartzeko gune gutxiago existitzen dira eta horrek egiten duena jendearen parte bat desmobilizatzea dakar. Gainera, komunitatearen desagerpena modu batez “domestikazio” bat dakar, zeren eta instituzioek ekartzen diguten soluzioak eta eskaintzaz haratago zaila egiten zaigu imaginatzea. Klaro, beti egongo dira pertsonak joera kapitalistetatik ihes egingo dutenak eta lur edo eraikin bat okupatuko dituztenak, esperimentazio espazioak irekiz. Prozesu mota horiek garrantzitsuak dira, baina beti, dimentsio politiko bihurtzeko aukera bat hartuko dute, gizartean ematen diren tendentzia edo beharrizanetatik erantzuten badute.

Liburuari dagokionez, Marx eta Zasulitxen gutunak eztabaida sakona sortu dute pentsalari marxisten artean. Askotan azaldu da, gutun hauetan Marxek apurtzen duela bere garaiko pentsamendu ilustratuarekiko eta baita ere historiaren irakurkera linealarekiko.
Agian beti irudikatu dugu edo inportantzia gehiago eman zaio iraultza gertatu ahal izateko munduko herrialde guztiak kapitalismoaren fase gorenetatik igaro behar zirela omen zioen Marx horri. Hala ere, liburuan agertzen diren testu hauetan berak ez du hor hori esaten. Aipatzen den bakarra da Errusiak baliatu ahal ditzakeela mendebaldean gertatu diren garapen batzuk.

Hor ere ikusten da nola gaztetan Marxek teknologiaren garapenarekiko zuen miresmena, eta nola, bere azken urteetan, jada ez zuen ikuspegi bera; aitortzen hasten da garapen horrek langileengan izan ditzakeen ondorioak, bai garraioaren arloan bai lan-mundu zabalean.

Uste dut horrek argitara ekartzen duela zer geratu den zokoratuta: Marxek bizitzako azken urteetan idatzitako zirriborro batzuk ez zituela argitaratzeko sortu, baizik eta bere pentsamendua garatzeko eta berarentzako lan egiteko.

Nortzuk ziren Errusiako populistak?
Garai hartan, XIX. mendearen bigarren erdian, populistak Errusiako korronte iraultzaile bat ziren, “landara bueltatu” ideian oinarritua. Lehenengo antolakundea, Aleksandr Herzenen ideietan sortua, Zemlia i Volia (“lurra eta askatasuna”) izan zen, eta ez zen planteamendu teoriko hutsa: kideak benetan joaten ziren landara. Haien ustez, artel-an –landa eremuko ustiapen komunala– sozialismoaren hazia zen, kapitalismoa guztiz garatu aurretik berreskuratu zitekeena; horregatik ikusten zituzten nekazariak subjektu iraultzaile nagusitzat.

Korrontearen barruan bi joera nagusi zeuden: batzuk inprentan eta aldizkarietan aritu ziren ideia iraultzaileak zabaltzen, eta besteek ekintza zuzena lehenetsi zuten, elite tsaristaren aurkako atentatuak eginez. Hala ere, biak ez zeuden erabat bereizita; adibidez, Vera Zasulitx lehenengo joeran kokatzen bazen ere, ekintza armatua burutu zuen Trepov jeneralen aurka, eta horrek erbesteratzea ekarri zion.

Beraien jardunaren ondorioz populistak oso ezagunak izan ziren garaian, eta Europako iraultzaileen artean ospe eta errespetu handia lortu zuten.

Jone Gartzia 2

Errusiako gutun hauetan, Zasulitxek Marxi eskatzen dio Errusiako mugimendu iraultzailean garatzen ari zen eztabaida baten inguruko sakontze teorikoa.
Marxistak edo sozialistak bezala izendatzen ziren horien iritziz, lehen aipatutako artel-a errusiar atzerapen historikoaren produktu bat bezala ikusten zuten. Era berean, populistek komunismoaren prefigurazio baten moduan ikusten zuten landa eremu komunitarioan oinarritutako erlazio sistema.

XIX. mendeko bigarren parterako landaren liberalizazioak aldaketa sakonak eragin zituen landa eremuan. Familia dirudunek beste nekazari pobreen seme-alabak adoptatzen zituzten lurraren banaketetan beraien klase posizioa bermatzeko

Gutun hauek idatzi ziren momenturako, egia esan beharra dago, ez zen existitzen oso erlazio berdintzailerik artel-aren bidez Errusian, landa-eremu tradizionala krisian zegoen eta. Sistema honen bitartez, historian zehar, lurra biztanleen artean banatzen zen familia kideen kopuruaren arabera edo beste irizpideei garrantzia ematen. Baina XIX. mendeko bigarren parterako landaren liberalizazioak aldaketa sakonak eragin zituen landa eremuan. Familia dirudunek, adibidez, beste nekazari pobreen seme-alabak adoptatzen zituzten lurraren banaketetan beraien klase posizioa bermatzeko. Kapitalismoan gertatu ohi bezala, batzuk beraien moduak aurkitzen zituzten bai botere ekonomiko zein politikoa metatzeko.

Gutunen zirriborroetan hau ikusi dezakegu. Saikera batzuk idatziz eta gero, Zasulitxi bidali zion gutuna laburra eta ia anbiguoa da.

Bere azken urteetan Marxek gero eta gehiago begiratu zuen Errusiara
Marxek bere kabuz ikasi zuen errusiera, bertan argitaratzen ari ziren testu iraultzaileen bidez. Gainera, bere bizitzako azken urteetan gutun truke ugari izan zuen errusiar intelektual eta iraultzaileekin. Interes handiz jarraitu zituen Errusiari buruzko material politiko eta ekonomikoak, eta horrek erakusten du gai horrekiko zuen kezka eta arreta sakona. Pariseko Komunaren ondoren, arreta berezia jarri zion Errusian gertatzen ari ziren eraldaketa sozialei, herrialdeko garapen historikoaren ondorioz sortutako konposizio sozialak iraultza baten aukera erreala eskaintzen zuen ala ez aztertzeko.

2025, Euskal Herrian eta orokorrean Europa osoan landa eremua aspaldi dago hilda gizarte metropolizatuetan, edo bizirik dirauen komunitateak kapitalismo indibidualista periurbanoen menpe bizi dira, kotxe rallyek eta traktoreak gaineko nekazaritza kimikoak dute nagusitasuna, antolakuntza komunistak eta herri erakunde indartsuek baino. Badago zure ustez atzerabueltarik? Edo hobeto esanda, komunitatea berrindartzeko aurrerapauso posiblerik?
Esango nuke oraindik badirela aukerak bizitza eredu kapitalistei buelta emateko, baina ez nuke esango gaur egun landa eremuak hiriek baino aukera gehiago eskaintzen dituztenik. Kapitalismoaren garapena integrala da, eta bere ekoizpen erlazioak unibertsalizatu egin dira, leku guztietara iritziz. Horregatik, klase erlazioak eta bizitza forma kapitalistak oso presente daude landa eremuetan ere.

Gure posiziotik argi esan behar dugu Landa eremuko erlazioak ez direla askatzaileak, ez kontrolaren ikuspegitik ez adierazpenaren aldetik

Egia da mendialdeetan eta zenbait tokitan zonalde komunalak existitzen direla, eta horrek komunitate-harremanak indartu ditzakeela, elkarrekiko lotura estuak sortuz. Baina halako harremanak ere problematikoak izan daitezke, pertsonen garapena mugatuz eta kontrol dinamika itogarriak sortuz. Eta hori landa eremuetan sarri gertatu izan da. Gure posiziotik argi esan behar dugu halako erlazioak ez direla askatzaileak, ez kontrolaren ikuspegitik ez adierazpenaren aldetik.

Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra na túa conta.
Cargando...
Cargando...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...