Agricultura
            
            
           
           
“Ez dut ulertzen abeltzaina edo nekazaria izatea eta ez izatea ekologista”
           
        
         
Josebe Blanco (Galiza, 1973) artzaina da. Ez berak hala erabaki duelako, baizik eta berarekin bizi diren ardiek hala erabaki dutelako. Ez da ardietatik bizi, ardiekin baizik. Orain, bi urteko idazketa prozesuaren ondoren, Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain argitaratu argitaratu du Argiak, eguneroko moduan idatzitako liburua, emakume artzain baten egunerokotasuna kontatzen duena. Pozez hitz egiten du, baina baita oztopoez eta borrokaz ere. Baserri bateko zereginez, parke eolikoz (parkeak al dira?) eta oporraz (ez itxaron Thailandiara bidaiarik). Elikaduraz eta kolapsoz. A, noski, eta bere ardiez. Pikunieta Baserrira joan ginen, Antzuolara. Ostegun honetan, azaroak 7, arratsaldeko 19.00etan Durangoko Azokako Ahotsenea topalekuan bere luburu berria aurkeztuko du.
Zergatik  egin zaituzte ardiek artzain?
Haiek  erakutsi didatelako, haiekin biziz. Zeinek erakutsi dit alaba izaten?  Amak, nork bestela? Ni artaldera heldu baino lehen, bazen artalde;  beraz, kanpotik heldu naizen heinean, nik moldatu behar izan dut  ardietara, eta ardiek erakutsi didate neurri handi-handi batean nola  jokatu haiekin, eta nola izan artzain. Nire ustez edozein harremanean  gertatzen den fenomenoa da.
Eta  administrazioak artzain izaten laguntzen dizu?
Orokorrean  esango nuke ezetz. Administrazioek daukaten testuingurua ere iruditzen zait zaintzatik oso  urruti dagoela. Euskal Herria atlantikoan arlo industriala oso  garatuta dago eta zooteknia sortu zenetik animaliak ekoizpenerako  makinak bilakatu ziren. Administrazioak, nire ustez, eta salbuespen  gutxi batzuk kanpoan utzita, iruditzen zait ikuspegi industriala daukala artzaintza, abeltzaintza eta nekazaritzaren inguruan…  orokortuta dagoen ideia eta erabiltzen den hiztegiak halaxe  adierazten du: baserriak ustialekuak dira, eta ustiatzeak ateratzea,  kentzea eta ekoiztea suposatzen du. Elikadura-industria  ere esaten da, baita baratzetik  edo ardietatik bizi ere.  Orduan,  ardiekin, lurrarekin, behiekin bizitzeko aukera egiten dugunok;  txikitik eta mendian bizitzea oso konplikatua daukagu. 
Administrazioarentzat gu bere eskema orokorra apurtzen dugun elementuak gara. Ez daukagu enkaje erraza. Eta mendian bizi garenoi begira ere, edo landa eremuan bizi garenoi begira, Administrazioak ez du plangintzarik, ez du erabaki politikorik hartzen, ez bada hiriari begira. Beraz, sistema osoa dago hiriari eta hiriarentzat antolatuta. Hiria da ardatza. Gu Administrazioarentzat ez daukagun enkajerik, eta ez dugu geure burua Administrazioan ikusten. Azken finean, populazioaren % 89ak hiri-eremuan bizi da; gu % 11a gara. Aldiz, hirian hiri-eremuan bizi diren hori lurraldearen % 11 erabiltzen dute eta guk % 89 daukagu. Dena dago antolatuta tamaina handien neurrira. Lurraldearen erabileran ere… bueno, beste pauso batzuk ere badaude. Landa eremuan erraustegiak, autopistak, zentral eolikoak, industriaguneak-eta txertatzen direnean… Konturatu orduko, lurraldearen eremu handia dago hiriaren zerbitzura.
Administrazioak artzaintza, abeltzaintza eta nekazaritzaren inguruan ikuspegi industriala dauka
Liburua  artzain baten egunerokoa da. Zergatik?
Nik  aurretik artikuluak-eta idazten nituen, lana eremuaren ingurukoak,  edo artzaintzari buruzkoak, edo ekologismoaz… Eta sentitzen nuen,  bada, karaktere-muga horrek ez zidala uzten zenbait kontutan nahiko  sakontzen. Patxada hori behar nuen. Orain dela bi urte, Bergaran  dagoen Idazle Eskolan eman nuen izena. Banekien artzaintzaren  inguruko lan luze bat egin nahi nuela, eta Idazle Eskolaren bitartez,  eta bereziki Tere Irastortzaren laguntzari esker heldu nintzen  artefaktu honetara. Eguneroko izateak askatasuna izugarria eskaini  dit, eta aukera gertaera eta bizipen zehatzetatik orokortasunera  jauzi egiteko ere. Ez dut uste liburu honetan azaltzen dena oso kontu  pertsonala eta oso zehatzak denik. Azaltzen direnak zehatzak dira  oso, baina ez dira hemen  bakarrik  gertatzen; beste modu batean eta beste ñabardura batzuekin, baina  leku askotan gertatzen direla uste dut. Egunerokoaren helburuetako  bat zen ertzean bizi den artalde baten lekukotasuna uztea. Ez dago  artzain izateko manera bakarra, ez dago mendian bizitzeko modu  bakarra eta modu honetan bizi garenok, eta bagara batzuk, ez gara  estandarrean sartzen. Horren ondorioz, ez gara inon azaltzen.  Liburuek modua ematen digute jada gureak ez diren testuinguruen,  beste leku eta denboretako lekukotasuna jasotzeko. Nire ustez orain  idazten ari garenok, gure garaiaz eta munduaz, ari gara etorkizunari  begira idazten, beste mundu bat irudikatzen. Ondorengoek jasoko dute  eredu hegemonikoan bete-betean bizi ez ziren batzuk ere baginela.
Baserriak  oso lotuta daude kultur nortasunarekin eta Euskal Herriarekin, baina  gero eta gutxiagok funtzionatzen dute horrela. Edo abandonatuta daude  edo txalet bihurtu dira bizitzeko edo asteburua pasatzeko. Baserriko  bizitzatik aldentzen ari gara?
Uste  dut populazioaren zati garrantzitsu bat, esanguratsu bat, oso  deskonektatuta bizi dela baserritik eta baserria ez dela sartzen bere  iruditegian. Eta sartzen baldin bada… bueno, nekazalturismoan edo  museo etnografikoetan sartuko da. Eta gero, ezin dugu ukatu ere  Euskal Herriko eremu batzuetan, gurean, adibidez, izaera industrialak  ere pisu handia daukala. Dena den, oraindik ere baserriak, modu  lausoan bada ere, jarraitzen du presentzia izaten: azoka bereziak,  baserritan jantziak, euskal jaiak... badago presentzia sinboliko nahi  baldin baduzu. Gaizki ulertutako folklore bat ere egon daiteke. 
Baina krisi ekosozial honetan, baserrietara itzuli beharko dela. Kontua da: nola? Nola egin itzulera hori eta horrek zer suposatuko du? Eta etorriko den jendea nola etorriko da? Eta egoera hori biziko dugula uste dut, hiriek bizigarri izateari utziko diotelako. Ez da posible izango hirietan luzaroan bizitzea, han ez baitago janaria. Eta hor aldaketa hori nola egiten da? Bada, nik uste dut garrantzitsua izango dela. Baina hemen sartu nahiko nuke beste elementu bat: baserriak hustu izana ez da fenomeno natural bat, ez da eguzkia goizero ateratzea. Erabaki politiko jakin batzuk hartu dira, eta erabaki horien ondorioz jendeari oso konplikatua egin zaio baserrietan bizitzea. Izan ere, baserrietan bizitzeak suposatzen du zerbitzu gutxiago izatea, eta horiek eskura ez egotea, eta zerbitzu horietara joateko eta etortzeko garraioa zure gain gelditzen dela. Beste norabidean aurrera egingo lukeen erabaki politiko jakin bat nahiko litzateke, jendeak aukeratzea baserria bizileku eta ez oporretarako edo bestelakoetarako tokia.
Jendea baserrietara itzuli beharko da hiriek bizigarri izateari utziko diotelako
Badirudi  militantea izan behar dela baserri batean bizitzeko.
Ez  luke horrela beharko, baina egia da onartu behar duzula egunerokoan  zure gain geratuko direla gauza asko eta bizimodua estuagoa izango  duzula.  Adibidez,  20 zentimo litroko diru-laguntza kendu egin zen, eta jendeari esan  zioten garraio publikoa erabiltzeko. Ongi da, baina garraio  publikorik ez daukagunok? Nik ulertzen dut Gasteiz erdian, Donostian  eta Beasainen bizi den batek aukera daukala, autobusak eta trenak dituzte… guk ez daukagu ezer.
Barazkijalea  zara. Nola egokitzen da bizitza ulertzeko modu hori azkenean  animaliak hiltegira bidaltzen diren lanbide batekin?
Haragia  jateari uztea 22 urte nituela erabaki nuen. Erabaki politiko izan  zen. Ez nion dirurik eman nahi animalien bizitza errespetatzen ez  zuenari. Niretzat ez zen esfortzua izan erabakia hartzea, oso argi  neuzkan zergatik eta nondik norakoa. Artzain hasi nintzenean ere,  kontziente nintzen nolabait munduan egoteko nire manera horrek  bazuela ezin bat. Hau da, bizitzaren ziklotik atera egin nintzela,  neurri batean. Nire ustez, abeltzaintzak oso leku garrantzitsua dauka  bizitzaren zikloan, eta haragirik ez jateak nolabaiteko etena  dakarkio bizitzaren ziklo horri. Artzaintzan egindako bide honetan,  orduan hartutako erabaki hartan lurrikara bat gertatu da, artzain  izateak sortutakoa, eta orduko oinarriak mugitu egin dituela. Orain  arte azaldu dudan horrekin guztiarekin lotuta dago, alegia, munduan  egoteko manera bat da eta bizitzaren ziklo horretatik nolabait hortik  ateratze hori. Baina orain hemen bizi naiz, bizitzaren zikloaren  barruan, guztiz txertatuta dagoen modu batean.
Begetariano  eta beganoen kopurua asko handitu da azken urteotan. Baina  kapitalismoa ere fagozitatzen ari da bizitza ulertzeko modu hori,  “merkatu” berri horretarako egindako eredu industrial  batekin. Ba al du zentzurik begetarianoa izateak eta modu industrialean egiten den sojazko  hanburgesa bat jateak?
Nik  uste dut haragi gutxiago jan beharko genukeela orokorrean. Haragi  gehiegi jaten da, eta gainera, gehienetan, bizian hilda  dauden animalien haragia jaten da. Eta industria sistema horrek  gainera, ez die kalte egiten animali horiei bakarrik, baizik eta  pertsonei, ingurumenari, lurrari eta orokorrean bizitzaren zikloari. Euren bizia bizirik pasatu  duten animaliak jan beharko genituzke. Hemen sartzen ditut bestelako irizpideak ere:  ekonomia sozial eta solidarioaren baitan murgiltzen baldin bagara,  begiratu beharko diegu pertsonen lan-baldintzei, genero-ikuspegiari,  zer-nolako harreman sozioekonomiko dauzkagun, komunitateen ehundura  nolakoa den, sare horren nolako mugimendu dauden… Hori dena ari  gara erosten haragi zati bat, eta porru bat, eta liburu bat, eta  betaurrekoak erostean. Hori dena dago egiten dugun hautu bakoitzaren  atzetik. Horren ondorioetako bat da, kasu batzuetan, tartean  zertifikazio ekologikoa izan arren, bestelako jauzi egin beharko  genukeela. 
Hanburgesa begetariano bat jaten dugunean, soja hori nondik dator? Hori da nire lehenbiziko galdera. Aztarna ekologikoa? Ziur aski lehengai hori ez da etorri gertu gertutik, itsasoaren bestaldetik baizik. Jakin nahiko nuke soja horren bueltan bizi diren pertsonen lan baldintzak eta bizimoduak nolakoak diren. Jakin nahiko nuke soja hori landatzeko zeini kendu zaion lurra eta nola dauden, non dauden pertsona horiek. Orduan, atzera egiten hasten garenean konturatzen gara azalean gelditzeak geure kontzientzia anestesiatzeko balekoa dela; baina arakatuz gero, bestelako kontraesanekin egingo dugula topo. Horrez gain, iruditzen zait badagoela pisuzkoa den beste elementu elikadurarekin dugun harremanean eta munduan egoteko moduan eragin zuzena daukana: heriotza gure bizitzatik atera izana edo ateratzeko intentzio osoz ari garela. Ez dugu onartu nahi heriotza badela bizitza eta bizitza heriotza ere badela. Bukatzeko, beste elementu bat gehituko nuke: gure jendartean animaliekin dugun zer harremana. Maitatuenak diren animaliak maskotak eta mendiko animaliak dira, eta urrutikoak. Bengalako tigrea gehiago maite dugu ardiak, behiak, oiloak eta txerriak baino. Eta ahaztu egin zaigu etxeko animaliekin bizitzen emandako milaka urteak.
Heriotza gure bizitzatik atera izana edo ateratzeko intentzio osoz ari gara
Pikunieta  baserria ingurua zoragarria da. Urolan dago. Baina agian ezin dugu  gauza bera esan hemendik ikusten den guztiari buruz: AHTren  trazadura, autobidea, goi-tentsioko dorreak, haize-errotak  proiektatzen dira... Zer eragin du horrek guztiak lurraldean bizi  denaren bizitzan, kasu honetan, artzain eta ardi batzuen bizitzan?
Nahiz  eta ez behar, jendarte honetan, jarraitu dugu mendiari ateratzen,  ahal den guztia. Baso politika horren adibide garbia da: hemen,  etxean bueltan, denak plantazioak dira eta lan-moldea oso  suntsigarria. Gero honi gehitu behar diogu mendiaren bestelako  industrializazioa, edo landa eremuarena. Kaletik ikusita,  batzuentzat, landa eremua eta mendia hutsik daude. Hemen ez da ezer  gertatzen. Nori egingo dio kalte han bost hektarea lursail hartu eta  dena plakaz estaltzea? Nori egingo dio kalte mendia aerosorgailuz  betetzea? Edo erraustegi planta ezartzea? Hor jarrita, landa eremuan  zeini egiten dio kalte? Hemen ez dago inor, ez dago ezer, ez da ezer  gertatzen. Eta gainera, hauteskundeen emaitzetan bestelako ondoriorik  ere ez dauka suntsiketak.
Zorionez,  hori aldatzen ari da, eta gero eta hiriko jende gehiago jabetu da zer  garrantzitsua den hauek zaintzea. Eta ez bakarrik mendi buelta  ederrak egiteko, hori pertsonok behar dugu eta bestela, joan gaitezen  orain dela bi urte izan genuen pandemia sasoira, zein inportantea zen  mendi bueltak egitea txikiak baziren ere, herriko txokoa zen  paradisua. Gauza bera gertatu zen denda txikiekin eta medikuekin, eta  horiek denak ia ahaztu egiten zaizkigu.
Nire  ustez falta zaigu hausnartzea zertarako nahi dugun landa eremua,  zertarako nahi dugun mendia. Dirua egiteko? Baina dirua batzuek  bakarrik egingo dute. Gutxi batzuek, betikoek. Ustez hirietako  jendearen bizimodua errazteko artifizializatu behar dugu ingurua,  lehenaz gain. Puntu honetan itzuliko naiz bizi dugun krisi  ekosozialera. Zer demonio jan behar dugu? Zer demonio jan behar dute  gure seme alabek, gure bilobek? Zer, petrolioa? Plastikoa?
Gehitu nahiko nuke beste elementu bat: klimari ezarri diogun aldaketa bortitz honek uzten eta elikaduraren eskuragarritasunean izango duen eragin zuzena. Alegia, lehen bagenekien noiz erein behar zen artoa, noiz garia, noiz letxuga, noiz porru, noiz haziak jaso nahiz belarrak egin. Baina klimari ezarri diogun aldaketa honekin hori gero eta zailagoa izango da. Orduan, nik ez dut ulertzen natura salbatzeko, ustez bizitza salbatzeko, bizitza eta natura bera suntsitu behar izatea. Hori ez zait buruan sartzen. Hasten garenean pentsatzen zertarako nahi dugun landa eremua, hasi beharko dugu pentsatzen… eta han jenderik nahi dugu? Eta han bizi den jendeak zer nolako lan egin beharko luke? Eta zer jango? Eta zer jan horrekin ez dut esan nahi mendia guztiz horra begira jarri behar dela, edo bai, baina edozein kasutan ezin dugu ahaztu uste duguna baino lotuago gaudela bizitzaren sare horri. Beraz, basoak behar ditugu, baina argi dago beste modu bat asmatu behar dugula eta bizitzaren alde jarri eta pentsatu: nik soldata irabazteko egiten dudan lan honek bizitzaren alde egiten du edo bizitzaren kontra? Ez dakit herritarrok pentsatu behar dugun, edo bai, nola egin pertsona guzti-guztiok bizitza bizigarri eta ilusio pizgarri izateko. Izan ere, sistema kapitalista honek ez digu hori emango; beraz, jendartearen bestelako egituraketa bat behar dugula uste dut, eta munduan egoteko beste modu bat.
Nik ez dut ulertzen natura salbatzeko, ustez bizitza salbatzeko, bizitza eta natura bera suntsitu behar izatea
Herriaren  iruditerian abeltzaina eta ekologista bi kontzeptu kontrajarri direla  uste da, baina zu eta zure liburua bateragarriak eta beharrezkoak  diren froga zarete.
Hemen  koska handia dago elkarrizketaren hasieran aipatu  dugunarekin. Eta da: ardiekin bizi gara edo ardietatik bizi gara?  Baserria edo ustialekua? Ardiekin bizi zarenean kontziente zara  belardietan zuhaitzak behar dituzula, eta basoan eta bide bazterretan  denetariko belarrak behar dituzula ardien osasuna eta ardien  bizimodua zaintzeko. Mendia garbitu  behar da esaten digutenean da glifosatoz bustitzea. Lurretatik,  ardietatik eta ez lurrarekin eta ez ardiekin bizitzea, horrek  kokatzen zaitu nolabait aldaretxo batean. Koxka bat gorago, zeu zara  jaun eta jabe, haiek guztiak zure zerbitzurako dira. Bazoaz  ateratzera eta bazoaz diseinatzen komenientziaren arabera, eta  beharbada komenientzia horretan aintzat hartzen ez diren elementuak  lagungarriak izan daitezke. Epe motzeko etekinera begira bizi gara  eta behar, behar, behar, behar, edo nahi, nahi, nahi, nahi. Ez dut  ulertzen abeltzaina edo nekazaria izatea eta ez izatea ekologista.  Izan ere, zure artaldean zu zeu zaude ekosistema baten baitan. Eta  zer edo zerk salbatuko bazaitu eta salbatuko badu zure artaldea eta  zure bizitza izango da zure ekosistema ahalik eta anitzagoa izatea  eta ahalik eta osasuntsuen izatea. 
Hain aurrera joan gara, orain dauden desorekarekin ere ez dela lan erraza asmatzea. Eta heldu gara puntu batera non desoreka horien ondorioz heltzen dela esatera basoa zikin dagoela. Zikin ez, sasia dator. Zergatik dator sasia? Gero eta abeltzain gutxiago daudelako. Eta zergatik dauden apur horiek momentu batean irudikatzen dute euren burua animaliekin nabe batean? Nik ez dut imajinatzen pabiloi batean bizitzen ardiekin. Nik ere libre izan nahi dut. Ardietatik edo lurretik bizitzea ikuspegi nahiko industrialaren lotzen dut, indarrarekin, eta bai, zenbait gizonen jarrerarekin ere bai: indarra, boterea, dominazio behar hori... Normalean da bizitza ulertzeko manera bat eta horren espresioa zabaltzen da arlo askotan. Zaila da enkaje topatzea estandar horretan. Nik ez dut neure burua hor identifikatzen. Eta abeltzain gizonezko asko ere ez ditut hor sartzen, inondik inora. Baina bai ulertzen dut iruditerian eta zabaltzen den mezuan badagoela: abeltzainak gizona behar du, traktorea, txakurrak, indarra, hektarea asko, gogorra eta gero kexak. Gero beti kexatzen!
Nekazal  munduan “alfa arra” nagusi denez, artzaina izatean aurreko  lanbideetan baino jarrera matxista gehiago izan duzula uste duzu?
Bai.  Hain dira txikiak, hain xeheak, baina hain dira hainbeste… Askotan  kanpotik emakume baserritarrak aipatzen gaituztenean, mugatzen  gaituzte alabak, emazteak, koinatak, errainak, amaginarreba izatera,  baina inoiz ez gara artzainak, ez gara etxeko martxa daramatenak,  behizainak… Ez, beti dago erreferentzia eta ardatza eta abiapuntua  gizonezkoa. Eta gero, oso modu ironikoan, batzuetan esaten dut gizon  eta testuinguru egoera jakin batzuen aurrean, emakume baserritarrak  garatu duela ikusezin izateko superboterea. Begi batzuen aurrean ez  zara existitzen. Berdin dio hitz egiten duzun ala ez, txori-kantu  bezala, hor dago, nonbait. Baina hori ere elikatzen da leku  askotatik, eta Emakume Nekazarien Estatutua hor dago, urriaren 15ean  aprobatu zen, elegante, landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean,  baina horren garapena ziurtatzeko ez da pausorik eman.
Nahiko  kritikoa zara beren produktuei “gourmet” etiketa jartzen dieten  ekoizleekin, elikadura eskubidea dela defendatzen duzulako.
Ez  naiz kritikoa etiketa horiek jartzen dituztenekin. Uste dut hori dela  sistema oso baten ondorioa. Abiapuntua denean jatea ez da eskubide  bat, baizik eta pribilegio bat, edo dirua irabazteko jarduera bat,  hor dago okerra. Gero goitik behera badatoz gainontzeko guztiak.  Janaria eskubidea ez bada eta pribilegioa edo negozioa egiteko  elementua baldin bada, marketina sartzen da eta zelai-joko horretan  beti aldarrikatu behar duzu zurea onena dela. Eta bereziena, eta  finena, eta gourmet.  Askorentzat jatea da tripa betetzea, beste batzuentzat ametsa da eta  beste batzuentzat gastronomia bilakatzen da, eta orduan beste koxka  batean jartzen gara eta geure buruak inportantzia gehiago dauka.  Baina nik uste dut etiketa hori azkenean dela sistema oso baten  laburpena, eta nire kezka bada norentzat ari garen janaria sortzen.  Arriskua  ikusten dut, eta jada neurri batean gertatzen da, dieta  desorekatuenak eta sozialki injustuen diren dietak geratzen dira  baliabide ekonomiko gutxien duten pertsonentzat; gainera euren  osasunarentzat ere kaltegarrienak. Paradoxikoki, sozialki  bidezkoagoak diren elikagaiak eta  ingurumenarekin  errespetuz sortatutako jakiak gelditzen dira baliabide ekonomikoak  dauzkaten pertsonentzat. Hor iruditzen zait dela beste hausnarketa  behar bat jendarte honetan. Eta hori hasten da aitortzetik pertsonen  guztien eskubidea dela janari osasuntsu eta osasungarria jatea. Eta  eskubidea dela, ez negozio bat. Hemen kontua da elikadurak lotzen  gaituela mundu honetara eta gure testuinguru honetan asko bizi gara  inoiz pentsatu gabe, jaten ez badugu, hil egiten garela. Guk hemen  gose gutxi pasatzen dugu orokorrean nahiz eta gero eta gehiago izan  jateko zailtasunak dauzkatenak eta, zer esanik ez, ondo jateko.
Modu prekarioan  bizi den pertsona bati, nola konbentzituko diogu artzain gazta bat  erosteko eta ez Mercadonako gazta merkeago bat?
Arakatzen  hasten hasten baldin bagara, mitologia asko ere badago. Porru sorta  bat, supermerkatu handi batean edo herritar kooperatiba batean izan,  prezioan sorpresa hartuko dugu: merkeagoa da herritar kooperatiban.  Eta horrela jarraitu ahalko genuke gauza askorekin, elikagai  askorekin. Eta beharbada garatu behar ditugu tresnak eta leku  batzuetan egin dira, probatu dira gauzak kooperatibetan. Bada, nik ez  daukat dirurik dena erosteko, baina badaukat denbora akaso, edo  badaukat jakinduria hor ekarpena egiteko. Herritarrok sortu behar  ditugu beste espazio batzuk eta beste dinamika batzuk ziurtatzeko  denok osasuntsu eta osasungarri jaten dugula.  Baina  mitologia urbano hori apurtzea oso konplikatua da. Sistema oso bat  dago banatzaile handiei begira. Ematen du supermerkatu horietan sartu  eta sekulako aniztasuna dagoela, baina ez dago aniztasunik. Eta  hasiko bagina begiratzen hilaren bukaeran etekina nork jasotzen duen…  lau dira! Elikadura sistema horren jabeak, lau aberats dira.
Bukatzeko,  orain liburuarekin “biran” zabiltzala esan dezakegu. Uste  dut argitalpen-data ere ez dela kasualitatea… Zergatik orain eta ez  bi hilabete barru?
Argiak  baiezkoa eman zioenean nire lanari bi aukera genituen: Ziburuko  Euskal liburu eta diskoren azoka, ekainaren hasieran, edo Durangora  begira, udazkenari begira. Argi eta garbi udazkenari begira, etxeko  martxak hala agintzen duelako. Gu ekainean jezten ari gara, gazta  egiten, belarra mozten, umeek eskolan dabiltza… ez da posible. Uda  eta udazkena guretzat lasaiagoak dira. Urtarriletik aurrera hasiko  dira ardiak erditzen eta kaleko bizimodua bukatuko da. Eta nahiz eta  ez jetzi, ez gazta egin, ez belarretan aritu, uda eta udazkenean  bestelako lanak daude baserrian. Ez hain lotuak beharbada, baina  moldatu ahal dituzu. Ardien erritmoa ez dago hain markatua.  Bi  urteko prozesua izan de eta urte osoan zehar idatzi badut ere, liburu  honi, gehienbat, denbora eskaini diot udan eta udazkenean. Nahitaez  idazteko, zuzenketak egiteko, aurkezpenak egiteko ere halaxe tokatzen  tokatzen ari zait... liburu hau posible izan da etxekoek nire lanak  hartu dituztelako, bereziki Exkerraren [bere bikotekide] ekarpena  aipatuko nuke. Bestela ez zen posible izango. Ez da bakarrik animoak  ematea, baizik eta esatea zuk  idatzi behar duzu eta nik egingo ditut lan horiek.  Liburu  hau pertsona askoren lanaren emaitza ere bada: nire etxekoena,  Eiderren ilustrazioak ere hor daude, Tere Irastortzaren tutore-lana,  Argiako lantalde osoaren lana eta konfiantza...
Pista de aterrizaje
        
            
        
        
Karmele Irigibel: de pastora a alcaldesa
        
      
      Medio ambiente
        
            
        
        
Eucaliptos, economía verde que descuida el medio ambiente
        
      
      Feminismos
        
            
        
        
“Federiciri euskaratzeak erakutsi zidan feminista naizela”
        
      
      Relacionadas
Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.
Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!
 
.jpg?v=63785536958 2000w) 
-Papel(1).jpg?v=63804990760 2000w) 
 
