Opinión
Ume gehiago izateko joera aurreikusten da etorkizuneko Euskal Herrian
Euskal Herriko biztanleriak hurrengo urteetan izango dituen joeren aurreikuspenak eguneratu berri dituzte euskal gobernuek. Eustaten 2045erako biztanleriaren proiekzioak bizi itxaropena igoko dela esan du, eta urteroko jaiotze kopuruak egungo 12.900etik 17.600era igarotzea aurreikusten du baita.
ldo beretik, Nastatek 2039rako egindako proiekzioa eguneratu berri du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa baino biztanle igoera altuagoa aurreikusten du Nafarroan, batez ere Iruñerrian pilatuta, eta urteko 6.800 pertsona inguruko migrazio-saldo positiboaren ondorioa dela dio.
Urtean 5,8 ume jaiotzen dira mila biztanleko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta 6,7 Nafarroan, guztira emakume bakoitzeko 1,1 eta 1,2 ume artean, eta bataz besteko adinak 46 eta 44 urte arte igo dira
Euskal Herria Europar Batasuneko joeratik aldenduko da horrela, 2025etik aurrera Europar Batasuneko biztanleriak behera egingo duelako. Europan eta AEBn, non populazioa migrazioari esker mantentzen den, aspaldi dira heriotzak jaiotzak baino nabarmen ugariagoak. Europako jaiotze tasa emakume bakoitzeko 1,4 umekoa da gaur egun. Horren ondorioz bataz besteko adina gora doa Europa osoan, eta 1975ean 31 urtekoa bazen, gaur egun 43 urtekoa da.
Euskal Herrian adibidez, mila biztaleko, urtean 5,8 ume jaiotzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta 6,7 Nafarroan, guztira emakume bakoitzeko 1,1 eta 1,2 ume artean. Bataz besteko adina 44 urtekoa da Nafarroan eta 46 urte eta erdikoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Mundu mailan 2080 urtea arte igoko da biztanleria, gutxienez, Asiako Hegoaldearen eta Afrikaren garapen ekonomiko eta demografikoaren ondorioz. Latin Amerikan gora egiten du biztanleriak baita, baina gelditzen ari da goranzko joera, eta Mendebaldeko herrialdeak dira biztanleriak behera egiten duen munduko gune nagusia.
Kontuz demografoekin
Demografoen proiekzioak beti hartu behar dira arretaz, zeren eta Malthus abade anglikano britaniarraksortutako disziplina demografikoak populazioaren beherakada beharrezkoa ikusi ohi du. Demografo konbentzionalentzako bereziki problematikoa da herrialde eta klase pobreen seme-alaben kopurua, nahiz eta herrialde eta klase aberatsak izan elikagai, energia eta material gehien kontsumitzen dituztenak.
Imanol Zubero soziologoak Aberatsak jatea artikuluan datu esanguratsuak erakusten ditu, hauen arabera munduko biztaleen %10 aberatsenak errenten %90 eskuratzen ditu urtero, eta pobreena den erdiak, munduko biztanleen %50ak, dirusarreren %10a baino ez du hartzen. Horren ondorioz, %10 aberatsenak aberastasunaren hiru laurdena pilatzen du, eta CO2 emisioen %77ren arduraduna da, eta soilik %1 aberatsenak munduko biztanleen beheko erdia baino gehiago kontaminatzen du.
Baliabideen banaketa justuagoa eta planetarekiko ardura ekologikoa izanez gero, ez dago arazorik populazioaren hazkundearekin, gainera energia eta materia kontsumo altuenak ditugun eskualdeetan beheranzko joera dagoelako
Baliabideen banaketa justuagoa eta planetarekiko ardura ekologikoa izanez gero, ez dago arazorik populazioaren hazkundearekin, gainera energia eta materia kontsumo altuenak ditugun eskualdeetan beheranzko joera dagoelako. Etorkizun demografikoa bilakaera ekonomiko eta ekologikoarekin lotu behar dugu, eta kolapso klimatikoak sahiestu trantsizio sozio-ekologiko azkarra bultzatuz.
Etorkizun demografikoa ez dago idatzita, eta danontzako lekua eta baliabideak egon ahal dira, betiere kapitalismo zapaltzaile eta ekozidatik irtetzeko gai izanez gero. Kapitalismoaren suntsiketa dinamikak jarraituta – gerra inperialistak, energia fosiletan oinarritutako eredu energetikoa, haragia jatera bideratutako elikadura sistema, etabar – baliabide eskasia etorriko da, materia kontsumoaren banaketa desorekatua eta munduko gutxiengoen pilaketaren ondorioz.
Populazio beherakada oso bortitzak gertatu ahal dira hainbat herrialdeetan, eta munduko aberats kalifornianoen plangintzetan daude genozidioak eta esterminio ariketa erraldoiak gauzatzea, Palestinan dugu horren adibide bortitza bezain argigarria.
Zergatik jaisten da seme-alaben kopurua?
Seme-alaben kopuruaren jaitsiera kapitalismoaren garapenaren ondorio zuzena izan da, horrela izan zen Malthusen trantsizio demografikoa gertatu zen garaian, eta joera hori indartzen ari da gaur egun. Kapitalismoak hainbat joera ekarri ditu Mendebaldeko gizarteentzat azken hamarkadetan, bereziki 1980. urtetik bizi izan dogun aro neoliberala eta etengabeko krisi ekonomikoen ondorioz.
Lanak kaskartu dira eta langabezi tasa altuak kronifikatu dira. Lan egonkorrak eta ondo ordainduak topatzeko zailtasunekin batera, etxebizitzaren etengabeko garestitzea bizi izan dugu.
Lana eta etxebizitza, bi joera horien artean gazteen emantzipazio adinaren atzeratzea izan da ondorio nagusia, etxetik irteteko bataz besteko adina 30 urtera igoz, inkestetan 23 urtetik aurrera bere familia berriak osatzeko gogoa agertzen den bitartean. Horrek eragin handia izan du gazteen bizitza sexu-afektiboan, bikoteak osatzeko eta ezkontzeko zailtasunekaz, harremanen egonkortasunean eta, azken finean, umeak izateko aukerekaz.
Amatasunaren aldeko feministek esaten duten bezala, Carolina del Olmoren Non dago nire tribua lanean adibidez, ama ez izateko eskubidea izan behar da, ezin da derrigortu emakumeak ama izatera, eta munduko hainbat tokitan ondino badago arazo hau.
Gurean kontrakoa gertatzen da, ordea, eta baldintza sozio-ekonomikoak eta gizartearen norabide indibidualistak ez dute bermatzen emakumeek nahi duten beste ume izatea. Ikerketa anitzetan agertzen da joera hori, eta konpondu beharreko arazoa da, arazo demografikoa ez bakarrik, arazoa politikoa delako ere.ç
Lana eta etxebizitzaren merkatuen egoerak “gurasoengandik independizatzea ekonomikoki gero eta zailagoa” egiten duela dio Marta Luxanek, eta elkarbizitzarik gabe ez dagoela umerik nabarmentzen du ere
2008ko krisi aurretik Gaindegiak antolatutako Demografia eta ugalkortasuna Euskal Herrian jardunaldian, Marta Luxanek Prospekzio demografikoa. Zer datorkigu? hitzaldia eman zuen, ugalkortasunarengan eragina duten faktoreak aztertuz. Alde batetik, lana eta etxebizitzaren merkatuen egoerak “gurasoengandik independizatzea ekonomikoki gero eta zailagoa” egiten duela zioen, eta elkarbizitzarik gabe ez dagoela umerik nabarmendu zuen ere.
Luxanek etxeko lanak eta zaintzaren arlo pribatuan gizon eta emakumeen arteko desorekak ugalkortasunean eragina duela dio, eta gurasoak izateko erabakia atzeratzea beste faktorea da ikasketa garaia nabarmenki luzatu izana.
EHUko demografo eta soziologia irakasleak “Euskal Herrian etorkizun hurbilean gertatuko dena aztertzeko hiru faktoretan oinarrituko gara: biztanleriaren egitura eta migrazioetan, generoen arteko harremanetan eta familia eta berdintasunezko politika publikoetan”. Azken hauek izan dira eztabaidagai azken urteetan, eta badaude gaiari ikuspegi transbersal batean heltzeko aukerak.
Familia anitzen aldeko politikak
Negu demografikotik irteteko, gazteen lan baldintzak egonkortu eta enpresetan esperientzia hartzeko aukerak sortu behar direla diote adituek. Etxebizitzaren merkatuan esku hartzea da mahai gainean dagoen aukera, alokairuen prezioak murriztearekin eta alokatzeko etxebizitza publikoen parkea handitzearekin batera, beharrezkoak diren etxe hutsen eta inbertsio funtsenak espropiatuz.
Gizartearen zaharkitzearen aurka borrokatzeko seme-alabak izateko baldintzak hobetu behar dira, hezkuntza publikoaren indartzea 0 urtetik bermatuz, osasun sistemak planifikazio familiar eta emankortasun aholkularitza debaldekoa emanez eta, baita ere, Espainian Eskubide Sozialen Ministro Pablo Bustunduyk aspaldi eskatzen duen poilitika eginez, umeentzako dirulaguntza unibertsalak emanez.
Eusko Jaurlaritzan politikak ez dira nahikoak, eta edozein gastu politika martxan jartzeko zerga gehiago ordaintzea da ezinbesteko bitartekoa, zerbitzu publikoak eta politika sozial duinak izateko. Hainbat eragile sozialek aldarrikatzen dutenez, globalki zerga gutxi pagatzen ditugu, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki, non Europako ekialdeko fiskalitatea maila baxuen parera gauden, osasungintza, hezkuntza eta beste zerbitzu publikoen kalterako.
Adingabe bakoitzeko dirulaguntza unibertsala ematea da hainbat herrialdeetan garatzen ari dan politika publiko indartsua
Familia Politikak behar dira, ez familia eredu zehatz baterako soilik, familia anitzentzako politika egin behar da, eta kontsentsu zabal lor daiteke horren inguruan eskuin zein ezkerreko indarren artekoa. Adingabe bakoitzeko dirulaguntza unibertsala ematea da hainbat herrialdeetan garatzen ari dan politika publiko indartsua, eta gurean era oso eskas batean izanda ere, Urkullu Lehendakariak aurreratu egin zen, Espainiako gobernuak aspaldi aurreikusi baina gauzatzen ez duen banaketa politikari.
Baina ezin dira hiru urte arte soilik eta hain baxuak izan dirulaguntzak, baizik eta 0-18 urte artekoak eta gastu arruntak ordaintzeko beste, eta gero gazteen emantzipazio goiztiarra bultzatzeko plangintzekin jarraipena eman behar zaie. Helburua argi eta garbia da, nahi dozun beste seme-alaba izatea ez egotea klase sozialen menpe, lana eta etxebizitza bat lortzeko aukeren menpe. Umeen soldata moduko bat behar dugu, gurasoek kudeatuta, noski, eta horrek eragin handia izango luke jaiotze tasan eta oro har familia guztien bizi baldintzetan.
Alde batean, nahi duzun beste seme-alaba izatea ez legoke mugatuta egon beharko diru eskasiagatik. Alderantziz, seme-alabak izatea dirusarrera ekonomiko oparoekaz lagunduz hautu librerako giltza eta pizgarria izango litzatekeelako. Bestetik, seme alaba berriak izan edo ez, umeen pobrezia saihesteko politika da adingabeentzako dirulaguntza unibertsala ematea, gizarte kohesionatua, eskola eremu inklusiboak eta etorkizuneko pertsona trebatuak lortzeko politika eraginkorra. Umeen ia %20 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta %26 Nafarroan, bizi dira pobrezia edo bazterketa sozialen arriskuan, oso arazo larria da.
Familia askotarikoak osatzea eta nahi ditugun beste seme alabak izatea onurak ditu norbanakoentzat eta gizarte osoarentzat, herri dinamikoagoak, etorkizuneko behar beste kotizatzaileekaz eta zahartzarora ailegatzen direnei zaintzeko gai izango direnak
Familia askotarikoak osatzea eta nahi ditugun beste seme alabak izatea onurak ditu norbanakoentzat eta gizarte osoarentzat, herri dinamikoagoak, etorkizuneko behar beste kotizatzaileekaz eta zahartzarora ailegatzen direnei zaintzeko gai izango direnak. Esan bezala, planetaren osasuna kaltetzen duena aberatsen kontsumo joera da, gutxi batzuk errenta eta aberastasunaren pilatzea, eta hori konpontzeko nazioarteko harreman multilateralak behar dira, banaketa politika eta klima politika adostuak egiteko.
Ekosozialismoa eraikiz gero, danontzako bizitza osasungarriak eta justuak eraiki ahal ditugu, eta horretarako politika eraldatu, familia askotarikoen aldeko neurriak bultzatuz, pobreentzako eta ez hain pobreentzako, etorkinak izan edo ez, gizon eta emakume batek osatutakoak zein beste aukera sexu-afektiboetako pertsonenak izanda ere. Hori da bidea.
Educación
“Aquí sobra gente”: maltusianismo académico y producción de precariedad
Euskal Herria
Los datos que preocupan a la juventud vasca: precios de alquiler disparados, salarios estancados
Pobreza infantil
El Gobierno propone una prestación universal por crianza
Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.
Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!