Gutxieneko soldata igotzen jarraitzeko beharra

Euskalerrian, inguruko testuinguruetan bezala, langile sektore zabalak daude baldintza eskasetan lanean, eta gutxieneko soldataren igoerak beraientzat inpaktu zuzena du, batez ere, gazteen, emakumeen eta migratzaileen kasuan.
Firma acuerdo SMI 2
Firma del acuerdo de subida del SMI entre el Ministerio y los sindicatos mayoritarios. Foto: Ministerio de trabajo y economía social

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata (LGS) hilean 1.184 euro gordinetan kokatuta dago gaur egun, betiere urtean 14 ordain-sari delakoetan. Urteko 12 hilabeteen bataz bestekoa 1.382 euro dira, eta Espainiako Gobernuak Dekretu bidez ezartzen du. Gogoratu dezagun Europako Karta Sozialak bataz besteko soldataren %60a izatea gomendatzen duela, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ilean bataz bestekoa 1.615 euroko soldata izango litzateke (baxuagoa Bizkaian, eta altuagoa Gipuzkoa eta Araban), Nafarroan 1.459 eurotakoa den artean.

Espainiaren azken hiru legealdietako koalizio gobernuen ekimenaren ondorioz, igoera oso nabarmena izan du 2018tik aurrera LGSk, urtean 14 biderreko hilean 736 euroetatik 900 eurora igarotzerakoan abiatutako goranzko ziklo etengabean. Beti ere soldata gordinean, azken sei urteetan %54eko igoera izanda.

Ez ohiko bilakaera honen ondorioak aztertu behar ditugu, Euskalerriko gutxieneko soldata propioa ezarri nahi izateko egin beharreko ariketa delako. Zenbat eta nolakoak dira gaur egun LGS kobratzen duten euskal langileak eta nortzuk daude egungoaren eta proposatutako 1.500 eurokoaren artean? Zergatik da onuragarria, ez langile horientzako bakarrik, baizik eta ekonomiaren bilakaera produktibo eta distributibo osoarentzat LGSren etengabeko igoera sektore zein lurralde guztietan?

Euskalerrian, inguruko testuinguruetan bezala, langile sektore zabalak daude baldintza eskasetan lanean, eta gutxieneko soldataren igoerak beraientzat inpaktu zuzena du, batez ere, gazteen, emakumeen eta migratzaileen kasuan.

Gutxieneko soldatako langileak

Espainiako Segurantza Sozialaren Ministeritzatik eskeinitako azken Lan Bizitzako Lagin Jarraitua (MCLV) mikro-datu basea erabilita, 2023ko euskal biztanleria aktiboari dagokiona, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian gutxieneko soldata kobratzen duten langileen ezaugarriak aztertu ditugu.

LGS propioa Euskal Herrian
Iturria : Guk eginda, Lan Bizitzako Lagin Jarraituko mikrodatuetatik (Espainiako Lan eta Ekonomia Sozial Ministerioa, 2023) Jon Bernat Zubiri Rey Mikel Barba del Horno

Gutxieneko soldata kobratzen dutenetatik haratago, nahikotasun irizpideetara ailegatzeko LGS propioa ezartzeko bidean proposatzen den oinarrizko 1.500 euro (urtean 14 bider) baino gutxiago kobratzen dutenen geruzaren azterketa egingo dugu baita ere.

Gaur egun 36.625 euskal langilek LGS kobratzen dute, eta beste 106.208 izango ziren LGS propioa 1.500 eurotan ezartzearen onuradunak, guztira lau herrialdeetako langileen %14,5entzako eragina izango lukeen igoera ekarriz. Oso gutxi dira gaur egun LGS kobratzen duten euskal langileak, %2,9a baino ez, eta haietako laurden bat etxeko lanetan jarduten duten emakumeak dira. Guztira, emakumeak dira egungo LGS kobratzen dutenen %71a.

Oso gutxi dira gaur egun LGS kobratzen duten euskal langileak, %2,9a baino ez, eta haietako laurden bat etxeko lanetan jarduten duten emakumeak dira

Euskalerrian, inguruko herrietan bezala, langile sektore zabalak daude baldintza eskasetan lanean, eta gutxieneko soldataren igoerak beraientzat eragin zuzena du, batez ere, gazteen, emakumeen eta migranteen kasuan. LGS propioa ezartzeak ekarriko lukeen igoerak biztanle geruza zabalago batean izango lirateke onuragarria, ordea, adin guztietako langileak jasotzen dituztelako 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak.

Era berean, emakumeak gehiengoa izaten jarraitu arren, gizonentzako eragin esanguratsua izango luke ere. Ildo beretik, nahiz eta Hegoalde Globalean jaiotako langile migratuak soldata baxuetako lanpostuetan pilatzen diren, Euskalerrian, Europako Mendebaldean eta Britainia Handian jaiotakoek soldata igoera horien onurak jasoko zituzketen baita ere, gaur egun 1.500 euro baino gutxiago jasotzen dutenen %69a direlako.

Ikasketa mailari erreparatzen badiogu, aipatu beharra dago soldata baxuenetan daudenen %52 Hezkuntza Basikoko edo titulu gabeak direla, baina %33k Batxillerra edo Lanbide Heziketa ikasi dute, eta %15 unibertsitateko graduatuak, masterizatuak edo doktoratuak direla.

LGS propio altuago bat transbersalagoa izango litzateke, sektoreka ere, eta bulego lanetan, industrian eta ostalaritzan, besteak beste, langileriaren sektore anitzak artikulatzeko aukerak sortuko lirateke

Taulari erreparatuta, soldata baxuak hainbat sektore ekonomikotan pilatzen direla ikusi ahal dugu. Egungo LGS jasotzen dutenen erdia etxeko lanetan, merkataritzan eta osasuna eta gizarte zerbitzuetan ari dira lanean, jarduera feminizatuak, noski. LGS propioa ezarriko balitz, transbersalagoa izango litzateke soldata igoeraren eragina, sektoreka ere, eta bulego lanetan, industrian eta ostalaritzan, besteak beste, langileriaren sektore anitzak artikulatzeko aukerak sortuko lirateke.

LGS igoerak onurak izango lituzketen langileetatik haratago, aipatu beharra dago askoz gehiago direla Euskalerrian soldata baxuak kobratzen dituztenak. Hilean egungo LGS baino gutxiago kobratzen du langileen %15,5k, eta %27,4 dira hilean 1.500 euroko langaren azpian daudenak, ia 305.000 langile. Horren azalpena da LGStik haratagoko soldata baxuak daudelako ere, jardunaldi partzialetan edota noizbehinkako egunetan lan egiten dutenenak. Berriro ere, emakumeak dira hor gehiengoa, eta haien bizi baldintza eskasak ez lirateke konponduko proposatutako LGSren igoerarekin.

Gutxieneko soldataren igoeraren ondorio ekonomiko eta sozialak

Asko eztabaidatu eta idatzi da gutxieneko soldataren igoerak dakartzan ondorioen inguruan. Argumentu horiek bataila politikoaren parte dira, eta edozeinean, gutxieneko soldataren igoerak ondorio anitz dakartzanez, horien inguruan ideia teoriko batzuei erreparatuko diegu, ikerketa agenda kolektiboan baliogarriak izan ahal direlakoan, bere onurak gizarteratzeko.

El Saltoko 2019ko artikulu batean aipatu bezala, gutxieneko soldataren igoera enpresen errentagarritasuna lortzeko paradigma eraldatzeko politika eraginkorra da, enpleguaren antolaketan berrikuntzak uztartzera bultzatuz, balio erantsi gutxiko jardueretan hobekuntzak egitera behartuz, eta balio gehigarriko sektoreak hauspotuz. Beraz, gutxieneko soldataren igoera eredu ekonomikoaren indar produktiboen garapenerako giltza izan daiteke, kapitalaren metaketa erregimena disziplinatzen duelako, produktibitatea igotzeko inbertsioak eta berrikuntza teknologikoa bultzatuz.

Bigarrenez, gutxieneko soldata jasotzen duten langileen baldintzak hobetzeak langile klasearen barne kohesioa suposatzen du, errentaren banaketa primarioaren bidezko neurri indartsua bihurtuz. Kapitalaren etekinetatik lanaren aldera igarotzen dena zati txiki bat izanda ere, muturreko desorekan oinarritutako aro neoliberal luzearen aurkako neurria da gutxieneko soldata igotzea, gorakada erreakzionarioari bidea mozteko neurri material zehatza eta eraginkorra.

Hirugarrenez, ez bakarrik gehiengo langilearentzat, baizik eta enpresari txiki eta ertain askorentzat onurak ekartzen ditu ere LGSren igoerak. Soldataren igoerak langileen errenta handitzen duen heinean, kontsumoa bultzatzen du, efektu biderkatzailearen bidez ekonomia dinamizatuz, eta administrazio publikoek jasotzen duten zerga eta kotizazioak handitzen ditu baita.

Euskalerriko LGS propioa aurrerapauso bat litzateke langile klase osoarentzat, borroka intersektorial eta intersindikalerako pizgarria izanda, soldata igoerak orokortzeko helburuarekin

Azkenik, lan hitzarmen askoren negoziaketetan gutxieneko soldata erreferentzia bezala hartzen da soldatak negoziatzerako orduan; orain dela urte batzuk, laguntza sozial batzuen kasuan ere horrela zen, nahiz eta gerora bestelako indize batzuk erabiltzen hasi ziren. Beraz, zeharka bada ere, hori ere aurrerapauso bat litzateke langile klase osoarentzat, borroka intersektorial eta intersindikalerako pizgarria izanda, soldata igoerak orokortzeko helburuarekin.

Efektu negatiboen eztabaida

LGS igotzearen efektu negatiboak nabarmentzen dituzte, ordea, hainbat komunikabide eta eremu enpresarialek, ekonomia-analisi konbentzionaletan oinarritua. Soldata kostu soil gisa ulertuta, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata (LGS) igotzeak enplegu mailan eragin negatiboa omen du, soldata baxuetako lan batzuk arriskuan jarriz. Bigarrenez, oinarrizko ondasunen eta etxebizitza alokairuen eskaria bultzatzen duen heinean, prezioen gorakada ekarri ahal du baita ere. LGS igoeraren gorakada isolatuaren hirugarren efektu negatiboa, ekoizpen harremanen deslokalizazioa litzateke.

Lehenengo ondorio hori ezbaian jartzen dute analisi analisi kritikoek, kontratazioak eta kaleratzeak ekoiztutako produktuen eskariarekin lotzen direlako, ez hainbeste soldata mailarekin. LGS eta soldatak oro har igotzeak enpresetan sortutako balioaren banaketa gatazkan muinean ulertu behar dugu, eta langileek eskuratutako atala handitzeak enpresarien zatia txikitzea du ezinbesteko ondorioa, behintzat epe laburrean. Edozeinean, 2018an LGS hilean 730tik 900era igo zenean, garaiko Segurantza Sozialeko Espainiako Ministroak etxeko langileen kaleratzeak egon zirela nabarmendu zuen, garaiko datuak erakutsiz.

LGS igotzearen bigarren ondorio negatiboa da langile xumeen soldaten igoerak prezioen gainean duen eragina, jakina delako haien kontsumitzeko joera elikagaietan eta oinarrizko beste ondasunetaz a parte, alokairuetan pilatzen delako. Prezio igoera horiek soldaten igoera nominala neutralizatzeko arriskua dute, eta efektu horren aurkako erregulazio neurriak dira beharrezkoak, elikagaien eta oinarrizko ondasunen prezio moderazioa bultzatzeko edo gutxieneko kuotak bermatzeko neurriak hartuz. Etxebizitzan arloan, alokairuek soldatak ez jateko, etxebezitza erregulatzeko eta alokairuen prezioak jeisteko neurriak hartu behar dira.

Bukatzeko, neurri hau inguruko herrietara hedatzen ez den heinean, gertuko lurraldeetara joan litekeen deslokalizazioa da ohiko beldurra LGSren igoeren aurrean, adibidez Euskalerriko LGS propio altuago bat ezartzeko politika ez etortzekotan Espainia eta Frantziakoen igoerekin batera. Arrisku horren aurrean, soldatak igotzeko nazioarteko politika orokorra izan behar dugu helburu, eredu kapitalista gainditzeko egokiena delako herri guztietan batera langileen baldintzak hobetzea, poteretze soziala indartze politikoaren baldintza historikoa delako. Herrien arteko elkartasunean eraikitako bideak lehia kapitalistaren garrantzia gutxitzeko joera inposatzen duelako, denon onurarako.

AZALPEN METODOLOGIKOA
Artikulu honen laburpena Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen ‘Lanbide-arteko gutxieneko soldata propioa aztergai’ txostenean argitaratu genuen, eta horren inguruko jardunaldietan aurkeztu genuen baita ere.

Lan Bizitzako Lagin Jarraitua datu basea erabiliz, langileen lagin baten lan baldintzak aztertu ditugu, LGSren igoerak lan munduan dituen ondorioak erakusteko. Enpresari elkarteek eta haien odezkari politiko zein mediatikoek igoera ez adostuak gauzatu diren bakoitzean enplegua suntsituko duela esan dute, baina galdera datuek erakusten dutenaren inguruan egin behar da. Nork kobratzen du LGS totala baino gehiago eta nori aplikatzen zaio LGS oinarria Euskalerriko Lan Harremanetan?

2023ko abenduan gutxieneko soldata kobratzen zutenen egoera aztertzearen ondorioak ataratzeko helbururik ez dugu. Eztabaidaren muga-aldeak erakusteko ariketa xumea baino ez da gurea, eta laister 2024ko mikro-datuetan oinarritutako analisia egiteari ekingo diogu.

Ez dugu ikusi oraindik soldata baxuko langileak langabezira joan ote diren LGS igo den bakoitzean. Aplikatu diren igoeren ondorioz, sektoreka lanean jarraitu duten edo ez ikusteko aukera ematen du MCLVn datuen izaera longitudinalak, langile bakoitzeko aurreko urteetako datuak ditugu eta.

Lan Bizitzako Lagin Jarraitua datu basearen izaera longitudinalari esker egin ahalko genukeen bigarren analisi ariketa hori ez dago eginda, baina saiatu gara orain gutxieneko soldatetan dauden langileen datu orokorrak erakusten, sektore bereko edo anitzeko landunak ote diren agertaraziz.
Laboral
Los sindicatos marcan desde Euskal Herria el rumbo de las mejoras laborales en España
Los sindicatos piden a Yolanda Díaz impulsar un Salario Mínimo Interprofesional propio, avances en la negociación colectiva territorial y presionan para la reducción de la jornada laboral.
Salario mínimo
El SMI disciplina al capital y cohesiona a la clase obrera
La patronal vuelve a anunciar lo mismo que en anteriores ocasiones, que la subida del SMI destruirá empleo. ¿Tiene fundamento esta predicción no cumplida en las subidas anteriores?
Lanaren Ekonomia
Gutxieneko soldataren inguruko eztabaida berrireki da
Gutxieneko soldataren eztabaida pil pilean dago momentu honetan, bai Euskal Herrian baita Espainian ere.
VV.AA.
Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra na túa conta.

Relacionadas

Cargando...
Cargando...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...