We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Fiestas populares
Noizko barrakak berriro?
Sanferminak bueltan ditugu. Aukera galduaren sentsazioa nagusitu zait, alde batera utzi baita jai ereduak inoiz baino beharrezkoago duen eztabaida. Ez ditugu probestu Sanferminik gabeko azken bi urteak patxadaz hausnartzeko eta azken urteotan alfonbraren azpian gordetzen joan garen galderei aurrez aurre begiratzeko.
Egon dira saiakera txiki batzuk peñetan –izan ere, hain begi-bistakoa da belaunaldi aldaketa, non ezin baita alde batera begiratu–, baina oso pausu ñimiñoak izan dira. Erakundeek, ordea, betiko bideari eutsi diote, eta kontsumoa eta alkohola erdigunean jartzen dituen eredua bultzatu dute tabernak Gaztelu Plazan kokatzeko proposamenarekin.
Esparru sozial, militante eta politikoek ere etxeko lanak egiteke utzi dituzte, eta Herri Sanferminek betikoari jarraitzen diote: kontzertuak, jana eta edana. Zer egin, bada, Iruñeko hiriak horren beharrezkoa duen festa babesteko, hobetzeko, jasangarriago egiteko, berdintasunera bultzatzeko eta, bide batez, animaliak alde batera uzteko?
2022an Gora Iruñea eta Herri San Ferminen jai eredua agortuta, ezker abertzalearen markotik atera eta birpentsatu beharra dago.
Bada, helburu handinahirik gabe, lantzen has gaitezkeen gai bat: festa esparrua. Iruñeko jaietan, 1980ko hamarkadako barraka politikoetatik txosnetara pasa gara, eta, Gora Iruñea! eta Herri Sanferminak izenak erabiliz, hasierako aniztasunetik homogeneotasunerako bidea hartu dugu.
2022an, eredu hori agortuta dago, eta jai eredua birpentsatu beharra dago. Ezker abertzalearen markotik atera, eta egun Iruñean dauden taldeei eskua zabaldu behar diegu, ez baitu ematen krisian dagoen eredu horrek etorkizun luzea izanen duenik.