We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Coronavirus
Eguzkia patenta daiteke
Pandemiak agerian utzi ditu gure gizartearen miseriak, ez dago dudarik. Gogorra, luzea, sinestezina eta larria izan den urte honetan ez da hobekuntzaren aldeko pauso gehiegirik eman, aukera ederrak egon badira ere; edo, hobe esanda, osasun-larrialdiak eragindako krisiak sistemari buelta emateko aukera eskaini badigu ere. Aitzitik, uste dut txertoaren kudeaketak erregimen kapitalistaren alderdirik gordinena azalarazi duela.
Hizkuntza militarrarekin izendatu izan den pandemiari aurre egiteko, herrialdeek ez diote aukera bakar bat eman elkarrekin lan egiteari. Industria farmazeutikoa txertoaren bilaketan lider den bitartean, ahots gutxi entzun ditugu erakundeetatik lan kolektiboari eusteko (Osasunaren Mundu Erakundeak arreta eman nahi izan du, baina ez du izan entzulerik). Onura kolektiboa bilatzeko asmorik gabe, konponbide duinik ez. Eta, gertatu ere, hala gertatu da.
Azkenean, herrialde bakoitzak bere negoziazioak egin ditu (Europar Batasunak borondate kolektiboarekin egindako aurrerapausoek zentzu gutxi zuten diruaren joko taulan), nork bere txerto beharrei erantzuteko. Silogismo tranpatiak esanen liguke: “Pandemiak mundu guztiari eragiten dio; mundu guztia sendatzen bada, ez dago pandemiarik”.
Non ote dago polioaren txertoa lortu zeneko jarrera, onura kolektiboaren ideia eta patente askea, Nobel sari bat emateko arrazoia izan zena. Software askean bezala, uste dut txertoaren patentearen ingurua ere zer esana dugula eta, gezurra dirudien arren, zentzuzkoa dela gure tokietatik kode librean idatzitako patente bat aldarrikatzea.