We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Coronavirus
Nork zainduko ditu etxean dauden umeak?
Pandemiaren fase honetan, kontziliaziorako zailtasunak, zainketen gatazka eta sistemaren mugiezintasuna irmoki salatu nahi dut, baita inguruan antolatzeko eta kalera ateratzeko gogoa topatu ere.
Ezagutzen ez dudan telefono zenbaki batetik dei bat. Susmo txarra igarri diot uneari. Momentu batetik bestera egunerokotasuna aldatzen zaigu: haurrak hamar egunez konfinaturik egon behar du. Hamaika galdera botatzen dizkiot beste aldean dagoenari: baina musukoa jantzita bazuen, metro eta erdiko distantzia bazegoen, 50 minutuko klasea bazen, zergatik eman behar ditu hamar egun etxean? Hala dio protokoloak.
“Haurrak hamar egunez konfinaturik egon behar du. Orain zer? Nor geldituko da etxean lau urteko umearekin? Nola moldatuko gara bizitza “normaltasunez” egiten jarraitzeko?”
Telefonoa eseki eta bigarren galdera datorkit burura: orain zer? Nor geldituko da etxean lau urteko umearekin? Nola moldatuko gara bizitza “normaltasunez” egiten jarraitzeko? Ni bezala ehunka familia daudela badakit, baina ez dut inon kexa edo antolakuntza izpirik ikusten. Eta oso sentsazio txarra hartzen diot egoerari. Ez da kontu berria; konfinamenduan zehar horren falta sumatu nuen oso modu agerian. Kexa batzuk, txioak, testuak... baina ez du mamirik hartu horrek guztiak.
Pandemiaren fase honetan, kontziliaziorako zailtasunak, zainketen gatazka eta sistemaren mugiezintasuna irmoki salatzeko beharra dut; baina hori baino gehiago, inguruan antolatzeko eta kalera ateratzeko gogoa topatu nahiko nuke.
Iruñean, 90. hamarkadan, edozein gatazka txikiren harira modu autonomoan mugimendu, asanblada edo plataforma bat sor zitekeen. Orain oso zaila da hori; urteen poderioz egiturek bereganatu dute “antolakuntza soziala”, eta “herri mugimendua” bilakatu da. Horrekin, gauza asko gelditu dira bidean.
Eta Covid-19ak eragindako krisia heldu denean, tresnarik gabe, “keinuak” ahaztu ditugu. Urteak pasa dira eta kide zaharrak telefonoetan baino ez ditugu topatzen, eta... abailduta, krisiaren aurrean galtzaile sentsazioa dugu, batez ere ezer ere egiteko aukerarik izan ez dugulako.