We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Educación
Ikastetxeetako jantokiak eztabaidagai
Iruñeko ikastetxe publikoetan hainbat kilometrotara dauden lantegietan prestatzen den bazkaria jaten da egunero.
Iruñeko ikastetxe publikoetan hainbat kilometrotara dauden lantegietan prestatzen den bazkaria jaten da egunero. Toki horietan ezin da lurra edo ertz usteldurik duen jakirik sartu, bertan bete beharreko legediaren zorroztasunak hala adierazten baitu. Beraz ez da barazki freskorik egoten, horretarako “gela zuria” delako bat izan behar dute, non naturaren arrasto guztiak gelditzen diren. Kanpoan garbitu eta moztutako barazki freskoak ekartzea izaten da aukera bakarra.
Guraso asko daude ikastetxeetako jantokiekin kezkaturik, horren inguruan lanean, galdezka edo klaseen amaieran osatzen diren biribiletan solasean. Adostasun handia dagoelako esateko, gaur egungoa ez dela sistemarik egokiena. Ezta osasungarriena ere.
Baina elikadurarena al da jantokiek duten problema bakarra? Galdera horri eutsi beharko genioke eraldaketa sakon eta eraginkorra nahiko bagenu. Horregatik hiru faktore nahastu beharko lirateke umeen esparru hori beste zerbaitetan bihurtzeko: borondate politikoa egotea, aurrekontua bermatzea eta, horien aurretik, eztabaida sakon eta duina komunitate guztia inplikatuko lukeena.
Jantokiak eztabaidaren erdian jartzen hainbat gai landu litezke: zein paper duen jateko momentuak hezkuntza sisteman, nola gauzatzen den hori, nola nahasten diren umeak jantokian, zer jaten duten, nork laguntzen dituen, zenbat jaten duten, denek berdin jan behar duten, sukaldari eta hezitzaileekiko harremana... Eta hori guztia abiapuntu hartuta galdera interesgarriagoak aterako lirateke: posible litzateke umeak sukalde barnean sartzea, edo menua aukeratzea, edo erosketarik egitea...
Gu bizi garen tokian jateko kontuak garrantzi handia dauka eta bertan laguntasuna, errespetua, jaki goxoak, forma txukunak, edertasuna eta beste hainbat gauza elkartzen dira. Ezin diegu umeei kendu hori guztia modu kolektiboan bizitzeko eskubidea.