We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Energía
Eguzki panelen atzeko itzala
Kotxea hartu eta Nafarroan barna abiatuz gero, haize errotaz beteriko paisaia agertzen zaio bidaiariari. Azken urteetan, Erribera aldean, batez ere, errotekin batera eguzki panelak ere ikus daitezke, zelai metaliko erraldoiak sortzen dituztenak.
“Eguzki panelen atzean ez dago inolako asmo ekologikorik”
Lehen begiradan, bidaiariak pentsa dezake Nafarroak energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin duela, baina, egia esan, eguzki panelen atzean ez dago inolako asmo ekologikorik, alderantziz baizik. 2017an, lauko gobernuak multinazionalen aldeko apustua egiten zuen energia plana onartu zuen. Zoritxarrez, laukoak onartu zuen lege esparru hura Nafarroak berezkoa duen eta kontzejuetan eta udalerrietan oinarritzen den antolakuntza geografiko jasangarri baten aurkakoa da; bere helburuen artean ez dago subiranotasun energetikoa erdiestea –trantsizio ekologikoa gauzatzeko ezinbesteko dena–, eta, beraz, udalerriek eta kontzejuek ez dute azpiegitura autonomo, txiki eta gertukoak eraikitzeko eskubiderik (eragin txikiagoa dute ingurumenean, merkeagoak dira eta ez dute merkatu legerik inposatzen).
Horren ordez, lehen aipatutako haize sorgailuei eta eguzki panelei goi tentsioko autobideak, zentral termikoak eta bestelako azpiegiturak gehitzen zaizkie, eta, zer dakar horrek? Bada, etekin ekonomiko handiagoa enpresa pribatuentzat, energia garestiagoa herritarrentzat eta bortizkeria eta pobrezia handiagoa panelak ekoizteko ezinbestekoak diren mineralez osatutako meategiak dituzten herrialdeentzat. Berriz ere, higiezinen zikloan bizi izan genuen klon energetikoa etorri zaigu gainera.
Nafarroan ekoizten den energiaren parte handi bat kanpora eramaten da, eta, bitartean, Iruñeko auzoetan berogailua piztu ere ezin duten familiak daude. Egungo kapitalismoaren eredu argia: aberastasun eta txirotasun muturrekoenak kilometro gutxiren bueltan. Energia ereduan ere, sistema osoaren zentzugabekeria azaltzen zaigu. Izan ere, Nafarroako energia sistemak harreman zuzen-zuzena du Zaldibarko zabortegiarekin; hori da aurrez aurre duguna.