We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Crisis climática
Nafarroa: 4.309 polizia eta 450 suhiltzaile
Heldu da klima aldaketa. Nahiz eta ekologistek duela hainbat hamarkada eman zuten abisua, oraintsu arte ez entzunarena egin izan zaie, eta orain bai, orain izua, beldurra eta harridura datoz. Uda honetan jasan ditugun tenperaturak ezezagunak ziren. Nafarroan izan ditugun suteek izutu egin gaituzte, eta beldurra barne-barneraino sartu digute. Iruñeko kaleetan erre usaina sumatu dugu uztaileko egun askotan; keak eguzkia itzali digu, eta, arropa biltzerakoan, kedarra ere topatu dugu.
Suhiltzaileak lanean egon dira goiz eta arratsaldez, baina aspaldian egina zuten kexa azaleratu da: Nafarroa ez dago larrialdi egoeretarako prest. Nolanahi ere, ez gaitezen tronpatu: suhiltzaile kopuru txikiaren atzean dagoen arrazoia ez da dirua; izan ere, gure erkidegoan 1.100 foruzain, 650 udaltzain, 1.820 guardia zibil eta 739 polizia nazional daude. Zenbaki horiekin, gu gara, poliziari dagokionez, Europan biztanleko ratiorik handiena dugunok, eta horren arrazoia politikoa da: Nafarroan izan diren gobernu guztiek nahiago izan dute polizia kopurua handitzea suhiltzaile kopurua handitzea baino.
“Geroz eta aukera gutxiago dugu egoera horri buelta emateko, baina politika publikoek duten garrantzia mahai gainean jartzea bada bide bat”
Suhiltzaileen sindikatuek esan bezala, Nafarroako 450 suhiltzaileekin ezin da egin horren garrantzitsua dena: prebentzioa. Gauzak horrela, kapitalismoaren metafora hutsa dena gertatzen ari da gurean: suteak ekiditeko lanak egin ordez, suteak itzali egin behar ditugu. Geroz eta aukera gutxiago dugu egoera horri buelta emateko, baina politika publikoek duten garrantzia mahai gainean jartzea bada bide bat. Norbaitek entzungo du jakin badakitenen ahotsa?