We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Maternidad
Alokairuzko umetokien eztabaidak dakarrena
Hainbat hilabete dira alokairuzko umetokien inguruko eztabaida puri-purian dagoela.
Hainbat hilabete dira alokairuzko umetokien inguruko eztabaida puri-purian dagoela. Espainiar estatuan legetik kanpo dagoen egoera legeztatzeari ekingo zitzaiola publiko egin zenetik, amatasun subrogatuaren aldeko zein aurkakoen iritziak modu ezberdinean ageri dira, eztabaidetan, berrietan (famaturen batek atzerrian izandako umeak ekarri ondoren duen zoriontasuna agertuz) edo alderdien kongresuen gaitegietan (PP-renean esaterako). Lantalde zein kanpaina argiak ere muntatu dituzte aldeko zein aurkariek. Gai honek ez du inor bere aulkian lasai uzten, interes kontrajarriek agertzen diguten bezala, asko dagoelako irabazi edo galtzeko; gorputzen merkantilizaziorako bide berri bati atea irekitzea eztabaidatzen ari baita finean.
Emakumeon gorputzen gaiekin gertatu ohi den bezala, plano ezberdinetan maneiatzen diren kontzeptu eta ideia asko nahasten dira, kasu honetan askatasun-eskuzabaltasuna agertzen dira (inoiz ere ez prekarietatea edo pobrezia) ama edo aita izateko eskubidearen ondoan. Kapitalismo basatiaren gizartean bizi bagara ere inuzentekeri faltsua gailentzen da, alokairuzko umetokiak defendatzen dituzten horien ardatza doakotasuna delako. Baina bigarrena da ildorik arriskutsuena, hain zuzen ere, aita edo ama izan nahi eta ezin dutenen eskubidea asetzea defendatzen delako. Existitzen ez diren eskubideak asmatu eta defendatzearen aurkariak ez gara gu izango, baina guztion onura izan beharko luke eskubide honen ardatz, eta indibidualtasun bortitzena besterik ez dago “eskubide” faltsu honen atzean, ez baita hau izanen askeago eta autonomoago bilakatuko gaituena. Antza denez profil batentzat bereziki bideratzen da alokairuzko umetokien legeztatzea, hain zuzen ere gizon, aberats eta zurientzat.
Sakontasun handiko gai hau bide ezberdinetatik ere jorratzen ari da feminismoan. Klase ikuspuntua, bioetikaren begiradari, desirak jorratzea, emakumeon gorputzen merkantilizaziorako bide berri bat... Abiapuntu hauek guztiak eta gehiago behar ditugu amatasun subrogatuaren inguruko diskurtso biribila osatzeko. Eta gure zorionerako, lan honekin ate berri bat irekiko dugu beste batzuk ere zabalduko dizkigunak, eta tresna gehiago izanen ditugu beste eztabaidetan sakontzeko, esaterako prostituzioan. Gatazka baten lanketak bestean indartsuago izateko tresnak ematen dizkigulako. Ongi etorri, beraz, gatazka konplikatuak.